'Soft ghosting': hartu-emana tantaka etetea
Harreman batean distantzia jartzea edo harremana etetea ez da erraza izaten batzuentzat. Gatazka saihestea izaten da helburu nagusia, eta horretarako, bide desegokiak erabiltzen dira sarritan.
Ingelesezko ghosting terminoa erabili ohi da lotura bat dugun norbaitekin bat-batean komunikazioa etetearen ekintza izendatzeko. Badira, ordea, modu sutilagoan egiten dutenak ere, eta horri "soft ghosting" deitzen diote. Hau da, komunikazioa errotik moztu beharrean, tartekakoa bihurtzen da, seinale txikiak erabiliz, esaterako erantzun laburrak ematea edo emotikonoren bat erabiltzea.
Horrekin batera, bestelako jarrerak ere ager daitezke: aurretik baino denbora-tarte luzeagoan erantzutea mezu edo deiei; erantzuterakoan mezu laburrak bidaltzea, detailerik edo gogoberotasun handirik gabe; planak egiteko edo hitz egiteko proposamenik edo keinurik ez egitea; planak proposatzerakoan, aitzakiak jartzea edo zehaztu nahi ez izatea, eta baita planak bertan behera uztea edo aldatzea ere, arrazoi sendorik gabe; alde bakarreko elkarrizketak izatea, eta bestearekiko interesik ez agertzea...
Jarrera horrekin, beste pertsona zuzenean esan nahi ez dion horretaz jabetuko den itxaropena dute. Azalpenik ez ematea, ordea, mingarria da izaten da bestearentzat eta ezinegona sor dezake harengan. Sarritan hainbat galdera sortzen zaizkio: "Ez ote naiz bere gustukoa?", "Esan behar ez zen zeozer edo egin behar ez zen zerbait egin ote dut?", "Amaitu egin ote da?". Nekagarria da pentsamendu horietan bueltaka ibiltzea. Halakoetan komenigarria izaten da besteen emozioekin arduratsua izatea, eta erosoa ez izan arren, gauzak argi uztea.
Halako egoera batean bazaude, eta norbaitek "soft ghosting" egin badizu, kontuan izan aholku hauek:
- Lehenik eta behin, espazio eta denbora pixka bat eman besteari, baliteke bere bizitzan zerbait gertatzen aritzea eta, oraingoz behintzat, horretaz hitz egin nahi ez izatea.
- Zure bizitzaz arduratu. Zure buruarengan zentratu: kirola egin, zaletasunei heldu, lagunekin egon... Zure balioa ez dago bestearen mezuen mende.
- Harekin komunikatu. Egoera luzatzen dela ikusiz gero, zintzotasunez hitz egitea da onena. Nola sentitzen zaren esan eta zer gertatzen den galdetu, lasaitasunez eta gatazkarako nahirik gabe.
- Aurrera egin. Egoerak sufrimendua eta estresa eragiten badizu, eta aldatzeko itxurarik ez badu, onena amore eman eta aurrera jarraitzea da.
