Sms

Hortik zehar irakurri dut biztanleriaren %45ak bikotekidearen SMSak irakurtzen dituela, bestea txintxo portatzen ote den ziurtatzeko-edo. Inkesta hauetan makina bat gezur esaten direla kontuan hartuta, estatistika baxu samar geratu dela susmatzen dut, biztanleriaren gehiengoa intimitatearen urratze hori burutzen duela pentsatzeraino.
Nik badut lagun bat (lagun bat da, zin degizuet) egiten duena. Nobioaren SMSak irakurtzea, alegia. Eta gainera kontatu egiten dit, inongo lotsa edo damurik gabe. "Bai, egiten dut", esaten dit, "baina soilik gezurretan dagoela badakidanean". Mutilak emandako azalpen batek asetzen ez badu (oso modu iheskorrean bart gauean egindakoa kontatzen badio, kasu), bera komunera doan momentua aprobetxatzen du azken egunetan jasotako mezu guztiak irakurtzeko. Eta hara, neska-lagun ohiaren mezuak topatu ohi ditu. "Ikusi behar zaitut" edo "Atzokoa oso ondo egon zen" bezalako mezuak irakurri behar ditu nire lagun gaixoak.
"Begira", esaten dit berak, "nik bere mezuak irakurtzen ditudanean, badakit gezurretan ari zaidala, erraz igartzen diot, eta nire susmoak konfirmatzeko baino ez dut sudurra sartzen bere telefonoan". Gauza da gero berak ezin diola esan badakiela gezurretan ari dela eta bere sakelekoan topatu duela froga, horrek mutila haserretuko lukeelako eta arazoaren iparrorratza desbideratu. Beraz, hortxe dabiltza, bata ustezko gezurretan, bestea zelata ez-zilegian.
Nik eragozpen bi ikusten dizkiot lagunaren jokabideari, eta hala esaten diot. Batetik, mutilaren gezurrez hain ziur baldin badago, zertarako frogak bilatu? Ez da izango hain ziur ez dagoelako, paranoiak jota dagoelako? Eta beste alde batetik, nago bere metodo induktibo horrek ondorio zoroetara ailegatzea eragiten diola. Alegia, "Ikusi behar zaitut" idatzi dio ditxosozko neska-lagun ohiak, baina horrek ez du esan nahi mutilak men egin duenik.
"Atzokoa oso ondo egon zen" mezuak telebistan ikusitako pelikula bati egin diezaioke erreferentzia, neskak bere etxeko bakardadean ikusi zuena, eta ez nire lagunak buruan izan dezakeen pasarte erotikoa.
Baina berak argi du, eta goiko arrazoiak azaltzen dizkiodanean beti begiratzen dit aurpegi berarekin, esanez bezala: "Ai, Katixa, zu bai zu inuzentea".