Smoke Idols: "Hemen ez dago gure estiloa lantzen duen beste talderik"

Smoke Idols: "Hemen ez dago gure estiloa lantzen duen beste talderik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/smoke-idols-hemen-ez-dago-gure-estiloa-lantzen-duen-beste-talderik/@@download/image/gaztezulo_smoke_1467364396.jpg
2016/07/14
elkarrizketa
Ane Urrutikoetxea @aneurruti
Erresuma Batutik etorritako taldea dirudi Smoke Idols, baina mutil hauek osatutako boskotea Bilbon jaio zen 2012an. ‘A Means to an End’ EP-a kaleratu berri dute, eta jendearen gerri bueltari astindu bat emateko prest datoz erritmo britainiarrekin. Gonzalo Ruiz taldeko baxu bilbotarrarekin egon gara.

Zeintzuk izan ziren taldearen lehen pausoak?
Taldea sortu genuenean kontzertuak ematea eta diskoak grabatzea ez zegoen gure buruan; musika egitea zen gure helburu bakarra. Beraz, lehen urteetan lokaletan ibili ginen, gure soinuaren bila, esperimentatzen, estiloa topatu arte.

Bost taldekide zarete, denak mutilak; nola konpontzen zarete?
Hiru hasi ginen taldean. Kontzertuetarako bi gitarra jole eta teklatu jole batekin elkartzen gara. Nahiko ondo konpontzen gara; bakoitzak bere gustuak dituen arren, denok atsegin dugu musika britainiarra.

Smoke Idols izena nondik atera zenuten?
Egia esan, ez dakigu. Ez du esanahi metafisikorik; aitortu behar dugu hasieran ez zitzaigula gustatzen, handinahia zela iruditzen zitzaigun... Beharbada, inguruan beti ke asko dugulako aukeratu genuen; pila bat erretzen dugu.

Ingelesez kantatzen duzue; zer dela eta?
Gure ustez, rock estiloak berezko hizkuntza du, eta hori ingelesa da. Guretzat politagoak dira abestiak, soinu hobea dute. Musika britainiarra da gure estiloa, eta hortik dator hizkuntza aukeraketa. Dezente ondo konpontzen gara ingelesarekin; filmak eta telesailak jatorrizko bertsioan ikustea gustatzen zaigu, baina azpitituluekin, noski! Euskal Herrian jendeak nahiago du musika gaztelaniaz edo euskaraz entzutea, baina badira betiko rocka maite dutenak ere.

Zein da zuen errutina konposatzerakoan?
Arratsaldetan eta batez ere gauetan ordu asko sartzen ditugu, entseatzeko zein musika egin eta konposatzeko. Ez dugu beste aukerarik;  batzuk lanean eta beste batzuk oraindik ikasketak amaitzen gabiltza, baina moldatzen gara. Ez dugu metodo zientifikorik; jotzen eta jotzen hasten gara, edo gitarra hartu eta birra bat edaten chill out moduan esertzen gara, bat-batean gustuko doinuak agertzen diren arte.

Oasis, The Beatles, Pink Floyd, Led Zeppelin, The Who… talde mitikoak dituzue inspirazio iturri moduan...

Lehen diskoan batez ere, gure eredu izan ziren, eta estilo britainiarrarekin jarraitu badugu ere, musika parranderoagoa egiten saiatu gara oraingoan. Madchester mugimendua, Happy Mondays, The Charlatans… Bilborekin lotzen ditugu musika estilo horiek; garai industriala, festak, parrandak… Eta asmatu dugu, zuzenekoetan jendea dantzan jartzea lortu dugulako.



Noruntz doa Smoke Idols?
Ez dakigu. Unean gehien gustatzen zaigun musika sortzen dugu, eta hortik ideia berriak ateratzen ditugu beraz, ez dakigu noruntz joko dugun. Asko aldatu gara aurreko lanarekin alderatuta. Oraingoan ez dugu rock klasikoa soilik landu, dance eta elektronika ere probatu ditugu.

‘A means to an End’ EPa kaleratu berri duzue; gustura emaitzarekin?
Emaitzarekin oso pozik gaude! Aurreko lanarekin alderatuz, izugarri igo da soinuaren kalitatea.  Oraingoan, Tio Pete estudioetan grabatu dugu; kriston ekoizpen lana izan da, eta soinu profesionalagoa lortu dugu. Gure asmoen aitorpen bat izan da lan berri hau: ez dugu inoiz estilo finko bat izango.

Nola ikusten duzue Euskal Herriko panorama musikala?
Euskal Herrian behintzat kriston talde berriak ari dira azaleratzen. Esate baterako, Dekot Gaztea maketa lehiaketako irabazle berria egundoko taldea da, eta finalistak izan diren bandak ere, oso interesgarriak iruditu zaizkigu.

Eta zuen burua nola ikusten duzue zurrunbilo musikal horretan?
Uste dut gu ezberdinak garela, bestelako musika eskaintzen dugula. Hemen ez dago gure estiloa lantzen duen beste talderik. Harrotasun puntu bat ere ematen digu horrek; azken finean, bilbotarrak gara! Dena den, guk ez dugu ezer asmatu, baina originalak garela esan daitekeela uste dut.

Musika lanbidea ala hobbya da zuentzat?
Gure lanbidea izatea nahiko genuke, baina oraingoz ezin gara honetaz bizi. Adibidez, ni marinela naiz, eta ondorioz, udan ez ditugu kontzertu asko itxi, ni itsasoan ibiliko naiz eta. Dena den, uda ostean berriro hasiko gara lanean.