Smoke Idols: "Eskura ditugun musika lehiaketa guztietan parte hartzen dugu"

Smoke Idols: "Eskura ditugun musika lehiaketa guztietan parte hartzen dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/smoke-idols-eskura-ditugun-musika-lehiaketa-guztietan-parte-hartzen-dugu/@@download/image/smokeidols1_1413911094.jpg
2014/10/22
elkarrizketa
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
Deuston landatu zuten 2010. urtean Gonzalo, Alvaro eta Lolok Smoke Idols bandaren hazia eta iaz, kontzertuak pilatzen hasi zitzaizkienean borobildu zuten Bittor, Txufo eta Imanoli esker, Musiketxean irabazle izan zen eta egun buru-belarri dabilen seikotea.


Smoke Idols… musikaria izateko idoloak izatea ezinbestekoa al da?
Guk baditugu gure idoloak, John Lennon, Noel Gallagher edo Chiquito de la Calzada, adibidez eta egunen batean beste pertsona baten idoloak bihurtzen bagara, berak jakingo du non sartu den!

Zeintzuk dira zuen influentziak?
Estilo desberdinetako abestiak gustuko ditugu eta kide bakoitzak musika desberdina entzuten du. Txufo NineInchNails taldearen jarraitzaile amorratua da eta Gonzalok Chenoa miresten du, adibidez... Agian rock britaniarra da guztiok batzen gaituena.

Euskal Herrian oraindik egiten ez zen musika estiloa ekarri nahi zenutela irakurri dugu. 
Gure soinua 70. eta 80. hamarkadetako Manchester mugimenduan eta 90. hamarkadako britpopean oinarritzen da, baina toke psikodelikoa gehitzen diogu.

Zergatik uste duzue orain arte ez dela britpop psikodelikorik landu?
Hasiera batean soinu hau garai, lurralde eta ingurune zehatz batera atxikitzen zen. Denborak erakutsi duen moduan, aldiz, rock britaniarra oso arrakastatsua izan zen mundu osoan zehar eta gaur egun ere, jende askok nostalgiaz gogoratzen ditu garai horretako taldeak eta kantak.

Musikarekin urte luzez harremana izan duzue taldea osatzen duzuenok, zenbateraino da zaila musika zirkuituan aurrera egitea?
Musika sortzea gustuko duenari oso erreza zaio aurrera jarraitzea. Etorkizunari begira, pausoz-pauso hazteko asmoa dugu, eta ezer handirik lortuko ez bagenu, bost axola! Musika jotzen jarraituko dugu...

Zer suposatu du zuentzat Musiketxeak proiektuan sarituak izatea?
Momentuz, zorte txarra ekarri digu... Musiketxeak antolatutako lehenengo kontzertura joaterakoan bi auto desberdinetan arazo mekanikoak izan genituen. Eskerrak lagun onak ditugula! Bromak aparte, oso pozik gaude, Euskal Herriko areto nagusienetan jotzeko aukera izan dugu eta Musiketxeak proiektuari esker ez balitz, guretzako hori ezinezkoa izango litzateke!

BBK LIVE bezalako plaza handi batean jotzeak, zer suposatu zuen zuentzat?

Gisa honetako festibal batean jotzea ikaragarria izan da. Ordura arte ez genuen inoiz halako festibal bat barrutik bizitzeko aukerarik izan. Gainera, jende askok gure abestiak entzuteko aukera izan zuen eta musikari ospetsuak ezagutu genituen.

Horrelako lehiaketa batean parte hartzen duzuen lehenengo aldia al da?
Eskura ditugun musika lehiaketa guztietan parte hartzen dugu baina, botazio popularretan oinarritzen direnak gorroto ditugu. Horietan talde bakoitzaren lagun kopurua neurtzen baita, eta ez kalitate musikala.

Non joko dituzue hurrengo kontzertuak?
Bilbao Hiria lehiaketaren finalaurrekoan jo berri dugu, eta abenduaren 5ean Biarritzeko Atabal aretoan joko dugu. Hala ere, esan bezala, diskoan jartzen ari gara indar guztia eta kontzerturik askorik ez dugu joko.

Eta eskatzen hasita, non eta norekin jotzea gustatuko litzaizueke?
Erantzun erreza: Manchester hirian, Oasis taldea gure telonero dela.

Disko berriaren aurrerapenik egiterik bai?
Kanta berriak prestatzen ari gara. Estudioetan sartu arte abesti gehiago sortuko ditugu eta diskoaren grabaketa hasterakoan aukeratuko ditugu behin betikoak. Hurrengo bilduman ohiko musika iluntasunetik aldenduko da eta kutsu alaia bilatu nahi izan dugu.

Musiketxeak


Jimmy Jazz Gasteiz, Bermeoko Kafe Antzokia, Biarritzeko Atabal eta Bilboko Emankor Elkartea kultura eragileek 2011n sortu zuten sarea da Musiketxeak eta hiru helburu nagusi ditu: zuzeneko musikako aretoetan proiektu soziokulturalak sustatu eta garatzea, Euskal Herriko musikari berrien harrobi sendo bat eratzea eta artista horien egitasmoak zabaldu eta ikusgai egitea.