Smartphonen garaian, kamera digitalak bueltan dira
Teknologiak garapen handia izan du denbora gutxian, eta argazkiak ateratzeko moduak ere aldaketak izan ditu. 90eko hamarkadan karretedun kamerak erabili ohi ziren, eta karreteak errebelatzera eraman behar izaten ziren dendara. Argazkiak eskuetan izandakoan jakiten zen atera zena zer nolakoa zen benetan.
Geroago kamera digital txikiak zabaldu ziren jendartean. Bidaietara, urtebetetzetara eta bereziak ziren une guztietara eraman ohi zen kamera. Pantailan bertan ikus zitezkeen ateratako argazkiak, nahi zena ezabatu, eta nahi izanez gero ordenagailura pasa eta bertan ikusi, dendan inprimatu beharrik gabe.
Mugikorren kamerak eta argazkien kalitatea hobetu ahala, kamera digitalak etxeko kaxoietan geratu ziren. Batzuetan, denborak gauza batzuk bueltan ekartzen ditu ordea. Z belaunaldikoek bizi izan ez dituzten gauzenganako nostalgia, arreta eta interesa erakusten dute, gauzak beste modu batera egiteko eta bizitzeko moduaren peskizan dabiltza, eta kamera digital hauek harrapatu dituzte.
Kamera digitalak erabiltzeak editatu gabeko argazkiak izatea esan nahi du, baina inperfekzioek ere, teknikoek zein bestelakoek, xarma ematen diote esperientziari. Kamerak hain prozesatuak ez diren koloreak, kontraste handiagoak, flash nabarmena, eta pikorren bat ditu, eta argazkien estetika aldetik ere bestelako izaera du, batzuentzat benetakoagoa dena.
Telefono adimendunean argazkiak ateratzean askoz argazki gehiago atera ditzakegu, askorik begiratu gabe, eta pilatu egiten ditugu askotan. Kamerarekin, berriz, arreta handiagoa jartzen dugu, eta jakinarazpenek, deieak eta halakoek ez dute trabarik egiten. Egiten ari garen horretan murgiltzen gara: aurrean dugunari erreparatu, argiari begiratu, enkoadraketa erabaki... Gero, gainera, ordenagailura edo mugikorrera pasatzen dira argazkiak, orduan ikusten baitira argazkiak ondo, tamaina handiagoan, eta prozesuak sorpresa eta xarma puntu bat izan dezake. Argazki bakoitzak balio edo esanahi bereziagoa du nolabait.
Adimen artifizialaren, filtroen eta "perfekzioaren" atzetik gabiltzan garaiotan, naturaltasuna, berezitasuna eta inperfekzioa balioesten da, benetakoagoak diren eta bizitzara lotzen gaituzten unean uneko momentuei heltzeko asmotan.
