Slipknot eta Incubus

Slipknot eta Incubus https://www.gaztezulo.eus/albisteak/slipknot-eta-incubus/@@download/image/16p9-9_1370464168.jpg
2002/02/01
erreportajea
Alberto Bocos
Bi kontzertu interesgarriren berri ematera gatozkizue. Hilaren 8an, Slipknot talde estatubatuarrak Donostiako Ilunbeko zezenplazan joko du. Hilaren 10ean, Incubus-en txanda izango da Bilboko La Casillan.

Slipknot taldea 1995ean jaio zen Iowan. Bederatzi ganberro hauek maskara ba-tzuen atzean ezkutatzen dira, taldekideak zerotik zortzira zenbatuta. Maskarek ametsgaizto surrealistenetatik atereak dirudite, eta horien bitartez, Slipknot-ekoek gazte garaietako etsipenak islatu nahi dituzte. Trash metala, hip-hop-a, metal berria eta perkutsio ugariren nahasketa da beren musika.

Mozorroen atzean musikari hauek ari dira: Sid Wilson (Dj), Joey Jordison (bateria), Paul Grey (baxua), Chris Fehn eta Shawn Crahan (perkutsioa), James Root eta Mic Thopmson (gitarrak), Craig Jones (smapler-a eta programazioak) eta Corey Taylor (ahotsa).

1996an "Mate. Feed. Kill. Re-peat" izeneko lehen diskoa autoproduzitu zuten. Dena den, ospea "Slipknot" eta "Iowa" izeneko lanekin etorri zitzaien, Slipknot-ek "platinozko diskoa" eskuratu baitu Amerikako Estatu Batuetan, Japonian, Australian eta Europan. Den den, taldea ez da musikazale guztien gustuko. Izan ere, zer da Slipknot? Ikuskizun hutsala? Zirkua? Indarra? Guk, behintzat, kontzertuaren prezioa eta kalitatea maila berean espero dugu.

Kaliforniatik, Incubus

Incubus 1991n sortu zen Kalifornian. Taldekideak Chili Peppers erako funk-metala egiten hasi ziren, eta denbora luzez, Kalifornia Hegoaldeko klub txiki anitzetan jo eta jo aritu ziren. 1995an Dj Life taldean sartu eta "Fungus Amongus" izeneko lehen diskoa grabatu zuten. Urtebete beranduago, Immortal Records disketxearekin kontratua sinatu eta "Enjoy Incubus" Epa karrikaratu zuten. Ondorengoa da "S.C.I.E.N.C.E" disko arrakastatsua.

1999an "Make yourself" diskoa egin zuten, "new metal" etiketatik betirako urrunduz. Disko hartako "Pardon me" abestiak AEBko Top 40 zerrendara eman zituen. Beren azken lanak "Morning view" izena du, eta taldearen jarraitzaile gogorrenak zur eta lur utzi ditu. Izan ere, diskoa abesti leun paregabeez osatua dago, Brandon Boyd-en ahots hipnotizatzailea nabarmetzen dela. Aholkutxo bat: ez galdu Bilbon zuzenekoan ikusteko aukera.