Skakeitan taldearen 'Eman Ez Genuen Kontzertua' dokumentalaren estreinaldia gaur gauean

Skakeitan taldearen 'Eman Ez Genuen Kontzertua' dokumentalaren estreinaldia gaur gauean Skakeitan musika taldearen inguruko dokumentala estreinatuko da aldi berean ETB1en, Gaztearen webgunean, EITB Nahieranen eta taldearen Youtubeko kanalean, 23:30etik aurrera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/skakeitan-taldearen-eman-ez-genuen-kontzertua-dokumentalaren-estreinaldia-gaur-gauean/@@download/image/skakeitan.jpg
2021/07/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Skakeitan musika taldearen inguruko dokumentala estreinatuko da aldi berean ETB1en, Gaztearen webgunean, EITB Nahieranen eta taldearen Youtubeko kanalean, 23:30etik aurrera.
Skakeitan taldearen 'Eman Ez Genuen Kontzertua' dokumentalaren estreinaldia gaur gauean

2019 amaieran Nola Galdu Denbora diskoa kaleratu zuen Skakeitan talde donostiarrak baina, Covid-19 gaitzak eragindako osasun larrialdia tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten aurkezpen bira. Taldeak egiterik izan ez zuen kontzertu sortaren eta proiektu osoaren erretratua da gaur gauean estreinatuko duten dokumentala. Ikuslerik gabe grabatu eta lau kantutan laburbildu dute eman ezin izan zuten kontzertua, Juantxo Arakama (Glaukoma), Juanjo Berasain (Ezpalak) eta Xsakara musikarien parte-hartzearekin.

Nola Galdu Denbora proiektuaren sorreran parte hartu zuten profesional zein taldekideen hitzak ere jasotzen ditu dokumentalak: Haritz Harreguy soinu teknikariarenak, Ruben Caballero ekoizlearenak, Eliot James ekoizle eta soinu teknikariarenak, Matt Uhina argiztapen arduradunarenak eta Ñako managerrarenak, besteak beste. Horiek guztiekin batera, taldeak sorreratik gaurdaino bizitako esperientzia eta pasarteen irudiak ere biltzen ditu. Bertan, taldearen kontzertu, bideoklip eta grabaketez gain, inoiz argitaratu ez diren irudiak ere ikusiko ditugu, taldearen alde intimoena azaltzen dutenak.

Gaztea irratiaren eskutik gauzatu da Eman Ez Genuen Kontzertua (2021) lana eta, hain zuzen ere, Ainhoa Vitoria esatariak jarri dio ahotsa. Badator eta Arriguriren gidaritzapean errodatu dute dokumentala. Estreinaldia gaur izango da, 23:30etik aurrera, ETB1en, Gaztearen webgunean, EITB Nahieran eta taldearen Youtubeko kanalean