Skakeitan taldeak agur esan du

Hona hemen sare sozialen bidez partekatu duten mezua:
14 urte joan dira jada. Iaz elkartu ginen ordura arte bizitakoaz hitz egiteko, gure barruan generaman horri argazki bat ateratzeko. Maitasun istorio bat izan dela argi dago, gure bizitzetan aztarna berezia utziko duena. Izan ere, ilusioa eta laguntasuna izan dira, musikarekiko loturarekin batera, proiektu honen ardatz nagusiak.
Eta hala moldatu gera, denboraren hariak bera ulertzeko eman digun mapan marrazki bat eginez, gure marrazkia. "Nola esan agur?" da bizitzaren ironietako bat, gure auzoez ari ginen, eta badirudi dimentsio handiago bat hartu duela honakoan. Bai, agur esatera gatoz. Eh, baina baikor eta irribarretsu, jada adostu baikenuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: "Asko maite gera".
Eta dei hau zuentzat da: emaiguzue dena. Guk berdina egingo dugu, zuentzat gure azkena: 112 @estudiobadator-en eskutik. Skakeitan badoa, bagoaz, baina urte hauetan zehar bizitako guztia elkarrekin ospatzeko beharra dugu. Oihu eta dantza. Topo erdibidean. Laster iragarriko ditugu gure azken birako datak.
Zuekin azkena.
Hitz hauen bitartez Skakeitan taldeak bere ibilbide oparoari amaiera emateko asmoa adierazi du. 2008. urtean lagun artean hasitako proiektu hau, horrelaxe bukatuko da, lagun arteko talde bat bezala eta hainbat lan gogoangarri utziz: Skakeitan (2010, maketa), Ahots gabekoen ahotsa (2012), Orekariak (2014), Galera (2016), Galera beats (2017, remixak), Nola galdu denbora (2019) eta Eman ez genuen kontzertua (2021, zuzenekoa).
Lan guzti hauek aurkeztuz 300 kontzertu baino gehiago eman dituzte. Euskal Herriko eszenatoki gehienak zapaltzeaz gain, estatu mailako jaialdi eta areto askotan zuzenekoak eskaintzen aritu dira.
Egindako bideari omenaldi bat eginez eta jarraitzaileak merezi duten bezala agurtzeko, Skakeitanek kontzertuz beteriko azken urte bat eskainiko du. Hurrengo egunetan iragarriko dituzte Zuekin azkena birako lehenengo datak. Bitartean gozatu single berriaz!