Skabeche Riber Band: Aragoiko ska doinuak

Skabeche Riber Band: Aragoiko ska doinuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/skabeche-riber-band-aragoiko-ska-doinuak/@@download/image/24p11-1.jpg
2002/11/01
elkarrizketa
Skabeche Riber Band: Aragoiko ska doinuak
Gor disketxeak Skabeche Riber Band taldearen lehen diskoa karrikaratu du. Aragoiko taldeak ska erritmo dantzagarriak egiten ditu. 

Noiz sortu zen Skabeche taldea? Nolatan grabatu duzue lehen diskoa Gor disketxearekin?
1999an ska talde bat sortzea bururatu zitzaigun. Garai hartan Aragoian reggae talde bat besterik ez zegoen, eta guk zerbait indartsuagoa egin nahi genuen. Gor disketxekoek zenbait kontzertutan ikusi gintuzten, eta hortik etorri zen lehen diskoa. 

Ska mugimendua berpizten ari da, ezta?
Argi dago. Garai batean eztanda bat egon zen Kortatu bezalako taldeen eraginez, eta ondoren beherakada etorri zen. Bitarte horretan mestizaia talde asko sortu da, baina ska talde gutxi. Orain taldeak ugaritzen hasi dira berriro.

Bi abesti dituzue aragoieraz. Kuraia, Corazon del Sapo… gero eta talde gehiagok abesten dute Aragoiko hizkuntzan. Zertan da egoera? 
Aragoiera rock munduan sartzen ari da. Zuk aipatu dituzun talde horiez gain badaude aragoieraz aritzen diren talde gehiago. Mallacán taldeak, esaterako, abesti guztiak hizkuntza horretan ditu. Skabeche-n gero eta kantu gehiago egin nahi ditugu aragoieraz.

Corazon del Sapo taldea izan da Aragoiko musika enbaxadorea Euskal Herrian. Lekuko hori hartuko al zenukete?
Corazon del Sapo erreferentzia handia da guretzat, maiz jo izan du Euskal Herriko gizarte mugimenduen alde, eta guk ere horixe nahi genuke. Lekarozen, Zestoan eta Gasteizen aritu gara orain arte. Azaroaren 6an kontzertua egingo dugu Iruñean.