Ska izarren itzulera

Ska izarren itzulera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ska-izarren-itzulera/@@download/image/5p8-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Sound System
Ska izarren itzulera
Europa aberatsean egindako ska musikaren urrezko aroa aspaldi galdu bazen ere, pozgarria da 2 Tone garaiko izar handienetakoak izandako The Specials, The Selecter eta The Beat taldeetako kideak gure artean berriro izatea. Stars of Ska izenpean Bergaran joko dute otsailean.

Ska musikak eta orohar jamaikar jatorriko erritmo beroek harrera ona izan dute betidanik Euskal Herri hotz honetan. Zuzeneko emanaldiak ere ez zaizkigu inoiz falta, nahiz eta bisitatu gaituzten taldeek orohar urrezko aroa aspaldi galdua duten. Kezkatzekoa ezta?
Europako edozein skazaleri zein talde gustuko dituen galdetuz gero, ziur hamarretik bederatzik The Specials, The Beat eta The Selecter taldeak aipatuko dituela. Ez da harritzekoa, talde hauek izan baitziren, besteak beste, 80ko hamarkada hasieran ska musikaren berpiztea bultzatu zutenak.
1974. urtea, Coventry. Ingalaterran jamaikar asko bizi da eta reggaeren eta ska musiken eragina handia da gazte zurien artean. Erritmo bero hauen jarraitzaile asko Coventry hirian daude, Neol Davis gaztea tartean. Neol Davisek 1974an Chapter 5 reggae-soul taldea sortuko du eta ondoren Jerry Damer-ekin (Specials taldearen sortzailea) eta Silverton-ekin (Specials-eko lehen bateria) Night Train osatuko dute. Bost urte beranduago Neolek  Pauline Black abeslaria ezagutu eta The Selecter taldea sortuko dute. Ordurako Jerry Damer-ek The Specials taldea sortua zuen eta izen bereko lehen diskoarekin ("Specials" 1979, Elvis Costello-ren ekoizpena) arrakasta izugarria lortu zuten. "Too much too young", "Gansters" edota "A message to you rudy" kantuak klasikoak dira gaur egun edozein skazalerentzat. 1980an "More Special" diskoa kaleratu zuten eta urtebete beranduago, "Ghost town" ep-a. Garai horretan sortuko da The Beat taldea: 1980ean "I just cant stop it", 1981ean "Wha´ppen?", 1982an "Special beat service" eta "What is beat?" 1983an.
Urte asko igaro dira orduz geroztik eta bai The Specialsek, bai The Selecterrek eta baita The Beat taldeak ere konta ezinezko aldaketak izan dituzte. The Beat taldetik adibidez Fine Young Cannibals edo General Public taldeak sortu ziren eta beranduago, The Specials eta The Beat taldeetako kideek Special Beat proiektua sortu zuten.
Ikusten duzuenez, beraz, hasiera hasieratik hiru ska talde mitiko hauen norabidea elkar lotuta egon da. The Selecterrek Madness eta The Specials taldeekin batera eman zuen lehen kontzertua eta orain, hogei urte baino gehiago igaro direnean, bueltan datozkigu "Stars of Ska" proiektuarekin. Otsailaren 11n joko dute Bergarako Jam aretoan.