Sinéad O’Connor-en zortzi abestirik onenak

Sinéad O’Connor-en zortzi abestirik onenak Dakizuenez, pasa den uztailaren 26an Londresen hil zen, 56 urterekin, Sinéad O’Connor irlandar artista. 80ko hamarkada bukaeran egin zen ezagun. Iraultzailea eta aitzindaria. Bere ahots ahaltsu eta nortasun ikaragarriak musikaren historian sekula urratuko ez den lorratza utzi ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sinead-o2019connor-en-zortzi-abestirik-onenak/@@download/image/Captura de pantalla 2023-08-03 a las 8.46.47.png
2023/08/16
Dakizuenez, pasa den uztailaren 26an Londresen hil zen, 56 urterekin, Sinéad O’Connor irlandar artista. 80ko hamarkada bukaeran egin zen ezagun. Iraultzailea eta aitzindaria. Bere ahots ahaltsu eta nortasun ikaragarriak musikaren historian sekula urratuko ez den lorratza utzi ditu.
Sinéad O’Connor-en zortzi abestirik onenak

Bere ibilbidea, ordea, polemikaz josita egon zen, askotan egiten zuen musika eklipsatzeraino iritsiz. Ez zen ordea, sekula, O’Connor-en asmoa izan pop izar  bilakatzea, baizik eta musikaren bitartez ere ideia politiko eta pertsonalak zabaltzea. 

90eko hamarkada hasieran O’Connor hitz egiteko beldurrik ez zuen pertsona publikoa izan zen. Bere fama hainbat kausa defendatzeko erabili zuen. Arrazismoaren eta haurtzaroko abusuen aurka egin zuen eta emakumeen eskubideen alde. Kritika latzak jaso zituen Elika Katolikoaren barruan burutzen diren abusuak kritikatzeagatik. Eztabaidak-eztabaida, O’Connor garrantzia handiko artista da musikan. Bere abestirik ezagunenetako batzuk bertsioak badira ere, bere egin zituen, pertsonala eta politikoa uztartzeko zuen abileziarekin. Irlandarrak bere ibilbidean zehar hamar disko kaleratu zituen pop, rock eta folk estilokoak. Bere irudi txundigarria, jarrera ausarta eta ahotsa betirako geratuko dira guztion gogoan. Guk, bere zortzi abesti onenekin gogoratu nahi izan dugu. 

8. Troy

Bere lehen diskoko abestia da hau. The Lion and The Cobra 1987an argitaratu zen. Abesti honetan Sinéad-ek jaio zen hiriaz, Dublinez, dihardu. Bere amaz ere hitz egiten du eta beragandik jasotako abusu fisiko, mental eta sexualak aipatzen ditu. Abestiaren izena metafora moduan erabilitzen du traizioa irudikatzeko. 

7. The Emperor’s New Clothes

Hans Christian Andersen-ek idatzitako ipuinean inspiratuz, O’Connor-ek bidegabeki epaitzen zuen jendeaz hitz egiten du. Artistak bere lehen semea 20 urterekin izan zuen eta abesti hau idatzi zuen bere frustrazioak azaleratzeko. Irlandar gizartean dauden aurrejuzguak agerian utzi nahi izan zituen, ama gazte bezala jasan behar zituen epaiak azpimarratuz eta erakutsiz, ama izateagatik, bere ibilbide musikalarekin jarraitzeko, egin behar zituen ahaleginak.

6. Black Boys on Mopeds

O’Connor-en abestirik politikoenetakoa. Abesti eder hau Colin Roach-en heriotzak inspiratu zuen. Roach gaztea beltz bat izan zen, poliziak eraila izan zena. Roach-ek Ingalaterran bizitzeagatik eta klase baxukoa izateagatik, sentitzen zuen opresioa salatzen zuen. Sinéad-ek tentsio horiek bere egin zituen, Ingalaterran bizi den irlandarra izateagatik. 

5. Success Has Made A Failure Of Our Home

Loretta Lyn-en Success deitutako country abesti ezaguna bertsionatu zuen Sinéad-ek. Izena aldatu zion eta sekulako arrakasta izan zuen 1992an. Abestia Am I Not Your Girl? diskoan aurkitzen da. Saturday Night Live programa ospetsuan interpretatu zuen lehen abestia izan zen. 

4. I Want Your (Hands on Me)

Bere lehen diskoan aurkitzen da abesti hau. O’Connor-ek hip-hop oinarri baten gainean abesten du rock abesti honetan. Estiloen nahasteketa bikaina da eta sekulako arrakasta izan zuen. Bitxia bada ere, O’Connor ez zen gehiago saiatu honelako abesti hibridoak sortzen. 

3. War 

Bob Marley-ren bertsioa da honakoa. 1992an Saturday Night Live programan aurkeztu zuen eta telebistaren historiako interpretaziorik txundigarrienetakoa izaten jarraitzen du. Bere aurkezpen indartsua, osoki, a capellan abestua izan zen eta letra aldatu egin zuen elika katolikoak adingabeei burututako abusuez hitz egiteko. Jakingo duzunez, good over evil dioen zatia abesten zuen bitartean garaiko aita santuaren, Juan Pablo II, irudia hautsi zuen esanez: “Borrokatu benetako etsaiaren aurka”. 

2. Mandinka

Bere debuteko diskoaren bigarren singlea izan zen. 1987an argitaratu zen. Alex Haley idazlearen Roots: The Saga of an American Family liburuan deskribatzen duen Afrikako tribu bati buruzkoa da: “Zerbait mugitu zuen nire barnean… Eskubide zibilekin eta esklabotzarekin emozionalkin konektatu nuen, nik etxean bizitu nuen opresioaren isla ziren” esan zuen artistak bere memoria-liburuan. 1989an egin zen ezagun abestia. Urte hartan Grammy-etan interpretatu zuen eta berehala bihurtu zen ezagun. Oholtzan crop top batekin, bakero hautsi batzuekin eta Doc Martens botekin azaldu zen, bere galtzen atzealdean haur baten arropa bat zeraman lotuta. Bere semearena zen eta aldarri moduan eraman zuen, amatasunak bere ibilbidea zapuztuko zuela zioten diskoetxeetako nagusi horiei zuzenduta. Bere ile motz-motzean Public Enemy rap talde mitikoaren ere bazuen. 

1. Nothing Compares 2 U (Prince cover)

Argi eta garbi, bere abestirik ezagunena da. Prince-en bertsio bat da, zehazki bere taldearena izan zen, The Family-rena. 1990ean argitartatu zuen eta mundu osoko zerrendetan lehen postuetan kokatu zen. Bideoklipa bera ere ikusienetako izan zen garai hartan. Plano itxiak, O’Connor-en aurpegia soilik ikusten dela, malkoak bere begietatik behera… 90eko hamarkadako ikonoa dira bai abestia eta bai bideoklipa. Abestian tristura eta amorrua maisuki txandakatzen ditu bere talentu paregabea agerian utziz.