Simone Veil pastorala izango da bihar Muskildin

Hogeita hamar urtez ez da izan pastolarik Muskildin. 2017. urtean Hur Xenda ikuskizuna taularatu zuten, eta urtebete geroago herriko gazteek maskaradak antolatu zituzten. Aurten berriz heldu diote pastoralari eta dagoeneko bi emanaldi egin dituzte, bata uztailaren 26an eta bestea joan den igandean. Hurrengo emanaldia bihar, abuztuak 6, egingo dute, arratsaldeko hiru eta erdietan.
Pastoral honen bidez, Simone Veil abokatu eta politikari frantsesaren bizitza ezagutarazi nahi dute. "Simone Veil subjektu egokia iruditzen zaigu, izan kontzentrazio-esparruetan bizitako tragediarengatik, izan emazteak beren gorputzaren jabe izateko egindako borrokagatik, izan justizia sailean egindako lanarengatik, edo izan Europako Batasuneko herrialdeen artean anaitasuna azkartzeko izandako nahiarengatik. Horregatik, bere bizia, konpromisoz aberatsa, taularatzen ahal da pastoralaren kodeak errespetatuz", azaldu dute antolatzaileek.
Batitte Berrogainek idatzi du pastorala eta taularatzeaz eta zuzendaritzaz, berriz, Maite Davante arduratu da. Sophie Larrandaburu da pastoraleko kantarien gidaria. Dantza irakasletzan Iban Etchegoinberri eta Rémy Mugordoy aritu dira.