Show must go on...

Show must go on... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/show-must-go-on/@@download/image/20p32-1_1369937294.jpg
2002/06/07
erreportajea
Bai, ikuskizunak jarraitu behar du. Uztaila eta abuztua ondoren ere badira parrandan ibiltzeko hamaika aukera. Irailean bertan eta are gehiago, negu gorrian ere, festa eta ospakizun ugari ditugu. 

Udaminez. Herri batzuetan, udako festaz festako ibilaldia luzatu nahi izaten dute. Galdeiezue, bestela, arrasatearrei. Euskal Herrian Ohorezko Parrandazale titulua eskuratzeko, Arrasateko Maritxu Kajoi festa ezagutu beharra dago ezinbestean urria hasieran. Dotore-dotore jantzita, noski.

"
Egun" pila. AEK Eguna, Sagardo Eguna, Nafarroaren Eguna, ikastolaren aldeko festa edo egun guztiak (Nafarroa Oinez, Kilometroak, Ibilaldia…), Aberri Eguna… Urteak dituenak baino askoz "egun" gehiago ditugu Euskal Herrian. Noiz antolatu behar dugu "Egunaren eguna", makro-festa erraldoi nazionala?

Berokia eta aterkiaz parrandan.
Santo Tomas eta San Sebastian egunak, urriko Gernikako azoka, inauteriak, Santa Ageda… Udazkenean eta neguan ere badira jaiak. Kalean bi jertse, beroki, bufanda eta euritakoaz ibili beharra dago eta ostatuetan, berriz, sekulako beroa: katarroa harrapatzeko egunik onenak.

Kirol mozkorraldia.
Euskaldunok kirolzaleak gara. Ez dago dudarik. Horrexegatik, hainbat kirol ikuskizunen inguruan festa ederra egin ohi dugu. Kontxako estropadetan, Donostian, txanparik gogorrena parrandazaleek egin behar izaten dute etxera zutik iritsi ahal izateko. Eta hobe futbol derby-ak ez aipatzea, datorren urtean ere Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan hiruna izango dituzte eta!

Iraileko zitak


• Ama Birjinaren eguna (irailak 8): Aramaoi, Eltziego, Hondarribia, Lizartza, Zarautz, Sara, Viana, Muskiz…
San Fermin Txikito (irailak 18): Iruñeko Nabarreria kalea.
Porrontxoak (irailak 18): Donostiako Egia auzoa.
Sanmigelak (irailak 29): Baraibar, Oñati, Zalla…