Shia Labeouf: Jainkoek aukeratua

Shiak ez zuen inoiz aktore izatearekin amestu. Familia zoriontsua amestearekin nahikoa zuen. Aita heroinaren mendean erori zen, amak gau eta egun lan egin behar izan zuen familia aurrera ateratzeko. Egoera ikusita, koskortzen hasia zen umeak lanean hastea erabaki zuen. Orrialde horietan agentea aurkitu eta telebistarako frogak egiten hasi zen. Hala, haurrentzako entretenimenduaren maisuarekin topo egin zuen. Disneyren Even Stevens telesailean Hillary Duff edo Hanna Montanaren aitzindari bihurtu zen.
Osaba Walten eskutik nerabeentzako zinerako hiruzpalau film egin ostean etorri ziren Charlie's Angels: Full Throttle (2003) eta I, robot (2004) arrakastatsuak. Gaztetxo atsegina izateari utzi nahi zion, ordea, eta The Gratest Game Ever Played (2005) kirol biopicak eman zion gizontzeko aukera. Francis Ouimet golf jokalaria gorpuztu zuen, 1913an familia txiro batetik atera zen golf afizionatua. US Open Championship lehiaketa irabazi zuen Ouimetek.
Constantine (2005) ilunean Keanu Reevesen laguntzaile izan ostean etorri zen Shia LaBeoufen film mugarria: Disturbia (2007). Hitchkocken Rear Window (1954) omenduz, James Stwearten pareko aritu zen etxean atxilo dela auzokide hiltzaile bat duela uste duen gaztearen azalean. Hollywoodeko aktore gazterik onena zela zioen oihua arrakastaren erregearenganaino heldu zen orduan. Steven Spielbergek bazuen buruan ideia bat, baina ezin zen arriskatu, ziur egon behar zuen. Transformers (2007) handinahian maila zuela erakutsi zuen Shiak, eta hala, mitoaren parte izateko eskubidea lortu zuen: Indiana Jones and the Kingdom of the Crystal Skull (2007) entretenigarrian Indyren semea izan zen.
Jada, izarra bada. Hollywoodeko olinpoan sartzeko, ordea, hori baino gehiago behar da. Michael Douglas itzalean uztea lehen pausoa izan daiteke. Hilabete honetan estreinatuko da Wall Street: Money Never Sleeps. Bidea luzea da, baina inork gutxik ukatuko du gurasoek, behintzat, izenean asmatu zutela. Hebreeraz, Shiak Jainkoaren oparia esan nahi baitu. Talentua.
Nortasun Agiria:
Izena: Shia Saide LaBeouf
Jaioteguna: 1986-06-11
Jaiolekua: Los Angeles (AEB)
Neska-laguna: Carey Mulligan aktorea
Filma: American Beauty (Sam Mendes)
Aktore maiteena: John Wayne
Liburua: Siddhartha (Hermann Hesse)
Musika taldea: System of a Down
Animaliak: Brando eta Rex bulldogak
Kotxea: Nissan Maxima
Maite du: Lagunekin film laburrak egitea eta surfa
Gorroto zuen: Eskola