Sheinen ez erosteko hainbat arrazoi

Gero eta jende gehiagok erosten du Sheinen, produktuak prezio merkeagoan topatzen dituelako. Horren aurrean, bertan ez erosteko hainbat arrazoi zabaldu izan dira: hornitzaileen fabriketako langileen baldintza txarrak, arroparen kalitate eskasa, fast fashion edo moda azkarra bultzatzea, marka txikien diseinuak kopiatzea, ingurumena... Bada, orain, beste argudio batzuk ere badira: kontsumitzaileak engainatzea eta substantzia toxikoak erabiltzea.
Europako Kontsumitzaileen hogeita bost erakundek Europako Batzordera jo zuten kontsumitzaileen eskubideak babeste aldera. Otsailean Shein ikertuko zutela iragarri zuen batzordeak, Europako Batasunaren legeriaren aurkako jokabide desleial eta bidegabeak ote zituen jakiteko.
Ikerketaren arabera, deskontu faltsuak iragartzen ditu Sheinek, aurreko benetako tarifetan oinarritzen ez diren prezio murrizketak erakusten baititu. Kontsumitzaileei erosketa-epe faltsuen bidez presio egiten diela ere egiaztatu dute.
Bestetik, informazio okerra eta engainagarria erabiltzea ere leporatu diote Sheini, osatu gabeko datuak erakusten dituelako eta kontsumitzaileek produktuak itzultzeko eta diru-itzulketak jasotzeko dituzten legezko eskubideei buruz engainatzeko bide ematen duelako. Era berean, produktu zein diru itzulketak ez dituztela kontsumitzaileen eskubideen arabera egiten ere salatu dute. Gainera, legez derrigorrezkoak diren ezaugarriak berezitzat jo edo balio erantsi modura iragartzen ditu etiketetan.
Horretaz gain, enpresak bere produktuen iraunkortasunari buruzko adierazpen engainagarriak egiten dituela ohartarazi dute, eta harremanetarako datuak ezkutu samarrean izaten dituenez, kontsumitzaileek galderak edo kexak egitea zailtzen duela. Europako Batzordeak informazioa eskatu dio enpresari, produktuen sailkapenak, aipamenak eta balorazioak ez direla modu iruzurtian aurkezten ziurtatzeko.
Erosketara bultzatzeko praktika bidegabeak
Gero eta ohikoagoa da enpresek salmentak bultzatzeko kontsumitzaileen emozioetan eragiten duten trikimailu engainagarriak erabiltzea: bezeroarentzako berariazko deskontuak, eskatu gabeko produktuak gomendatzea, epe laburreko eskaintzak eta atzera kontuak, stockean produktu gutxi edo bakarra geratzen dela abisatzea, produktuen zerrenda luzea erakustea, balorazio onak bakarrik agertzea, jakinarazpenak bidaltzea etengabe...
Kontsumitzaileen erakundeek halako praktika desleialen erabilera salatzen dute. Espainiako OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak adierazi duenez, "arropa gehiegi kontsumitzea arazo larria da. Teknika horiek hasieran nahi zutena baino gehiago erostera bultzatzen dituzte kontsumitzaileak, eta moda azkarraren industriak eragindako ingurumen eta gizarte arazoak sustatzen dituzte: erabili gabeko arropen pilaketa, kutsadura, klima-aldaketa bizkortzea, langileen lan baldintza kaskarrak...".
Hori guztia dela eta, kontsumo jasangarriaren beharra nabarmendu du OCUk: "Saltzaile ona erosleari bere premiei benetan erantzuten diona aukeratzen laguntzen diona da. Hori lortzea kontsumitzailearen esku ere badago: ondo informatu erabakiak hartu aurretik, izpiritu kritikoa izan, online erosi aurretik horren atzean zer dagoen jakinda. Ikasi praktika ilunak identifikatzen, eta hezi ingurukoak, batez ere adin txikikoak, tranpa horietan eror ez daitezen".
Substantzia kimikoak dituzten produktuak
Europako Batzordeak merkatu komunitarioan sartzen diren produktuen inguruko kontrola areagotu du, batez ere txinatar jatorriko online merkataritza plataformetatik datozenena, esaterako Sheinen edo Temun erositakoena. Izan ere, produktu horietako askok substantzia kimiko arriskutsuak izan ditzaketela uste dute, batez ere haurrentzat.
Egunean 12 milioi pakete sartzen omen da Europar Batasunean eta kostu baxuko produktuek bertako araudia betetzen dutela ziurtatu nahi dute. Europako Justizia komisarioa den Michael McGrathek azaldu duenez, kontsumitzaileak babesteaz gain, Europako enpresek lehiarako baldintza justuak izatea ere bada honen helburua: "Europako enpresek gure arauak betetzeko kostuei aurre egin behar diete, eta ezin zaie eskatu halakorik egiten ez duten saltzaileekin lehiatzeko". Europako Batasunak emandako datuen arabera, 150 euro baino gutxiagoko produktuak zituzten 4.600 milioi bidalketa sartu ziren iaz, 2023an izandakoaren bikoitza eta 2022koaren hirukoitza.
Arriskutsuak liratekeen produktu horien artean honako hauek daude: erraz askatzen diren dekorazio-piezak dituzten txupeteak, kimikari toxikoak dituzten haurrentzako euritarako jantziak, izpi ultramoreentzako babesik gabeko eguzkitako betaurrekoak, galtza luzeegiak, eta ugalkortasunean eta garapenean eragina izan dezaketen substantzia duten kosmetikoak.
Greenpeacek Sheinen produktuetan aurkitutako substantzia kimikoen inguruko txostena argitaratu zuen 2022an. Black Friday egunean, Sheinen produktuak eskatu zituzten sei herrialdetan, guztira 47, eta laborategi independente batera bidali zituzten haien konposizio kimikoa aztertzeko.
Txostenean azaldu zutenez, aztertutako 47 produktuetatik zazpik Europako Batasuneko arauzko mugak gainditzen zituzten substantzia kimiko arriskutsuak zituzten. Zazpi produktu horietatik sei oinetakoak ziren. Produktuetako hamabostek, berriz, mugako balioetatik gertuko substantzia kimiko arriskutsuak zituzten.
Bien bitartean, Sheinek iragarri du araudia eta segurtasuna bermatzeko ekimenetarako 15 milioi dolar inbertituko dituela, tartean kalitate probetan. 500 hornitzailerekin lan egiteari utzi diotela ere ziurtatu dute.