Sharon Stoner: Sharon Stonek jakingo balu!

Sharon Stoner: Sharon Stonek jakingo balu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sharon-stoner-sharon-stonek-jakingo-balu/@@download/image/54p11-1.jpg
2005/07/01
elkarrizketa
Sharon Stoner musika taldea 2001ean sortu zen. Oñatiko talde honetan, Klorophila, Serial Number eta No Fuck taldeetan aritutako musikariak elkartu dira, besteak beste. Duela hilabete batzuk Danbaka I. Debagoienako musika taldeen txapelketa irabazi zuten. 

Nondik dator Sharon Stoner, taldearen izena? Hainbesteko eragin al zizuen Paul Verhoeven-zuzendariaren"Basic instint" filmak?
Jotzen hasi ginen garaian, stoner musikarekin nahiko itsututa geunden, eta hitz joko sinple bat eginez, "Sharon Stoner" izena irten zen. Bestalde, Sharon Stone aktorearen jarraitzale sutsuak garela esan behar dugu, bere azken diskoa itzela da gero!

Bere posterrik ba al duzue entsegu lokalean?

Lokalean, Interviu aldizkariak ateratako Silvia Pantojaren egutegia daukagu!

Eta Michael Douglas-en posterrik?

Nahiago ditugu Kirk-en pelikulak.

Duela bi urte, lehen maketa kaleratu zenuten. Zer moduzko harrera izan du?

Eibarren, Legarreko musika taldeen grabaketa estudioan ekoitzi genuen, Ander Berriuso eta Urko Aranburu teknikariekin. Maketak ez du beste munduko harrera berezirik izan, baina ate asko ireki dizkigu, bai kontzertu asko eman ahal izateko, eta baita lehiaketetan parte hartu ahal izateko ere.

Azken urteotan kontzertu asko eman dituzue Euskal Herrian. Kontzertu bereziren bat al duzue oroimenean?

Jadanik 40 bat kontzertu eman ditugu. Ondarruko Moby Dick tabernan eman genuen kontzertua biribila izan zen. Lehen kontzertuetako bat izan zen: itsas ertzean egoteak, eta bertara hurbildu zen jente piloak, jotzeko gogo berezia sortu zigun.

Urte hasieran Debagoienako musika taldeen Danbaka txapelketa irabazi zenuten. Sariak zer suposatu du?

Hasieran ez genuen geure burua finalean ikusten, baina behin horra iritsita, bagenuen irabazteko esperantza. Saria guretzat oso garrantzitsua izan da, baina txapelketa irabazi ez bagenu ere, 2005ean diskoa grabatzea aurreikusita genuen.

Askorentzako, Ruper Ordorikaren herria da Oñati. Zer moduz bertako musika giroa?

Oñati oso aberatsa izan da beti musikari dagokionez, baina agian, orain baliabide eta laguntza gehiago dago. Horregatik, orain arte, herriko taldeek ez dute oihartzun handirik izan (Latzen-ek eta Ruperrek ezik). Orain gazte piloa dago musikan murgilduta, eta seguru asko, urte gutxi barru oso gauza interesgarriak irtengo dira Oñatitik.

Zuengan eragin handia izandako musika taldeak…

Kyuss, Queens of The Stone Age, Nirvana, Foo Figthers, Faith No More, Dut, Kashbad, Lisabo, Neubat…