Shannyn Sossamon: Suzko lorea

Shannyn Sossamon: Suzko lorea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Shannyn Sossamon: Suzko lorea
Shannon Marie Kahoolani Sossamon da bere benetako izena, eta Honolulu exotikoan loratu zen 1979ko urriaren 3an. Hawaii eguzkitsuan jaio bazen ere, Reno ospelean aletu zituen gaztaroko udaberririk samurrenak. Galena High eskolan ikasketak amaitu bezain laster, baina, Los Angeles hirira jo zuen dantzari bihurtzeko asmoz. Nerabezarotik dantza izan baita Shannyn Sossamon ameslariaren pasio bakarra. Lehen urratsak balet klasikoan eman zituen arren, lirikoa, jazza eta klakea dantzatzea ere atsegin du. 
Dantza ikasketak ordaindu ahal izateko, disc-jockey gisa hasi zen lanean. Hala zebilela, Gwyneth Paltrow aktore xaloaren urtebetetze festan diskoak jar zitzan hots egin zioten. Glamour gaindosiz blaitutako jai hartan musika nahasten ari zela, Francine Maisler casting zuzendariaren arreta erakarri eta zi-neman lan egiteko eskaintza jaso zuen. Ez zen berehala hasi, ordea. Denbora dezente igaro baitzen lehen aukera iritsi zitzaion arte. 
"A Knight´s Tale" filma Heath Ledger erakargarriaren luzimendu hutserako diseinatutako azpiekoizpen txepela zen arren, oso ezagun egin zuen Shannyn Sossamon. Erdietsitako fama tarteko, aurten ez du atsedenik hartzeko astirik ere izan neskatoak. Duela ez asko, Josh Hartnett txoratzen zuen aingeru ederraren rolean ikusteko parada izan dugu "40 Days and 40 Nights" aknedun komedia erromantikoan. Aurki, berriz, Roger Avary zinemagilearen "The Rules of Attraction" gordinean ezezik, Brian Helgeland adiskide zaharraren "The Sin Eater" interesgarrian ere miretsiko dugu.
Zinema Shannyn Sossamonen bizitzaren ardatz bilakatu den arren, musikak ere leku esanguratsua du bere baitan. Iaz, esaterako, Mick Jagger mitikoaren "God Gave Me Everything" bideoklipean hartu zuen parte. Egun Hollywoodeko erresuma ankerreko printzesarik iradokitzaileena bada ere, ez die horrexegatik adiskide zaharrei bizkarrik eman. Astearte gauero diskoak jartzen segitzen baitu Los Angelesko infernuko night club galdu batean. Maitalerik duela dudarik ez dago. Inork gutxik, ordea, biluztu ditu bere sentimendurik kuttunenak. Izan ere, bihotzean tatuatuta baitaramatza bere maitasun sekretuak.