Shakespeareren tragediak biltzen dituen 'Erresuma/ Kingdom/ Reino' antzezlana estreinatuko dute Bilbon
Bilboko Arriaga antzokiak Erresuma/Kingdom/Reino antzerki-ekoizpena aurkeztuko du asteburuan. Calixto Bieitok sortu eta zuzendutako proiektuak bi muntaia ditu, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Euskarazkoa estreinatuko da lehenik, Bernardo Atxagak egokitu duena, Bedita Larrakoetxearen testu batzuetatik abiatuta.
Euskarazko egokitzapenari dagokionez, hala adierazi du Atxagak: "Zokoratuta egon dira luzaro, ahaztuta gure aitaren etxeko behe-beheko sotoan, Zaitegik, Ibiñagabeitiak edota Larrakoetxeak egindako klasikoen itzulpenak. Ez zituen inork jasotzen haiek euskaraz jarritako Virgilioren, Platonen edo Shakespeareren hitzak. Lehenik eta behin, egoera orokorra gaiztoa zitzaielako; ondoren, gizartea beste norabait begira zegoelako; azkenik, denboraren erruz, garaiak garaiari jarraitu ziolako eta bazterrean utzi zituelako, sotoan ere enbarazu egiten duten traste zaharrak lez, haien lanak, orrialdeak, paperak. Zorionez, suspertuz joan dira poliki-poliki. Denbora asko ez dela, Zaitegik eta Ibiñagabeitiak sinatutakoak jalgi ziren argira; orain, berriz, hainbat eskuk apailatuta, Arriaga Antzokia eta Calixto Bieito tartean, antzezleak lagun, Larrakoexea hasiko da hoska. Rikardo II.a, Rikardo III.a, Falstaff eta bestedramatis personae guztiak hark maitatu eta defenditu zuen hizkuntzan mintzatuko dira. Lorpen handia da, zinezko berpiztea, eta, honela esatea libre bada, harrotasun apal bat sentitzen dut gertaera honen aurrean".

Calixto Bieitok antzezlan honen abiapuntua azaldu du: “Hau zen Bilbora iritsi nintzenean buruan nuen proiektuetako bat. Shakespearekin ingelesez, frantsesez, suedieraz edo alemanez lan egin ondoren, jakin-min handia nuen bere hitzak eta edertasun poetikoa euskaraz eta gaztelaniaz entzuteko. Duela urte batzuk Obabakoak egin nuenean, ikusi nuen hemen talentu handiko antzezleak daudela eta horrek, Bernardo Atxagarekin garatu nuen konplizitatearekin bat eginez, are gehiago konbentzitu ninduen proiektu hau egiteko nahiaz. Beraz, hor dago denborarekin Erresuma/Kingdom/Reino bihurtu denaren jatorria".
Dramaturgo ingelesaren lanaren premia azaleratu du Bieitok: "Shakespearek idatzitako erregeen kontakizunetan indarkeria, gorrotoa, ustelkeria, hausnarketa, heldutasuna, urduritasuna, zalantza, sumina, errukia… azaltzen dira. Sarritan galdetzen diot neure buruari zer egingo genukeen ipuin horiek gabe. Nola azalduko genuke geure burua? Lagungarri zaigu ipuinak, antzinako kontakizunak eta zientzia-fikziozko narrazioak erabiltzea".

Erresuma/Kingdom/Reino "estetikoki eta bisualki oso indartsua den antzerki proposamena" dela azaldu dute, eta Shakespeareren tragedietako pertsonaia nagusiak dituela ardatz, "beren indargune eta ahulguneekin". Calixto Bieitok William Shakespeareren tragediak laburtzen dituen egokitzapen bat egitea aukeratu du, eta esentzia mantentzearen aldeko apustua egin du, egile ingelesaren obran oinarrizkoa den hori mantenduz: "haren hizkera, bortizkeria eta poesia". "Oso gaur egungoa den planteamendu eszenikoa" dela adierazi dute, "instalazio bat izan litekeen horrengandik gertu, museo-areto bat gogora ekar dezakeen eszenografia ere izanik": "Horrela, antzezleek beren pertsonaiak oso modu aske eta intuitiboan eraiki ditzakete. Nolabait, ikusleek antzerkiz egindako hainbat koadroen konposizioa ikusiko dute, eta Shakespeareren tragedia historikoetarako hurbilketa oso desberdina ikusiko dute: zalantzarik gabe, inor ez da epel geratuko".

Bieitok antzezlanean parte hartuko duten "euskal aktore bikainak" goraipatu ditu. Joseba Apaolaza, Lucia Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina arituko dira oholtzan. Beste "izen bikain bat" gehitu diotela ere nabarmendu du, Jose Maria Pou aktorea. Jose Maria Pou eta Calixto Bieitoren arteko harremana aspaldikoa da eta, gainera, William Shakespearerekin oso lotua. Izan ere, hirugarren aldia da Pouk Shakespeareren testuak lantzen dituela Bieitoren zuzendaritzapean. Antzezlan honetan ere Bieito arduratu da zuzendaritzaz eta espazio eszenikoaz, eta Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza aritu dira zuzendaritza laguntzaile lanetan.

Ostiralean estreinatuko da, otsailaren 11n, 19:00etan. Larunbatean, hilaren 12an, eta igandean, hilaren 13an, ere izango dira euskarazko emanaldiak, ordu berean. Eta otsailaren 24an euskarazko bertsioaren laugarren eta azken saioa eskainiko dute. Gaztelaniazkoak, berriz, datorren astetik aurrera izango dira. Sarrerak hemen eskura daitezke.


