Sexurik gabeko gizarteruntz

Sexurik gabeko gizarteruntz Z belaunaldiak geroz eta sexu-harreman gutxiago ditu; zergatik ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexurik-gabeko-gizarteruntz/@@download/image/4164E95800000578-4600766-image-a-14_1497435349955.jpg
2019/10/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Z belaunaldiak geroz eta sexu-harreman gutxiago ditu; zergatik ote?
Sexurik gabeko gizarteruntz

Gazteen artean sexuak geroz eta postu gehiago galtzen ditu. Datuen arabera, 18 eta 30 urte bitartekoek geroz eta sexu gutxiago dute; AEBetan, 18 eta 34 urte bitarteko gizonen %28 urtebete daramate sexurik gabe. Gainera, geroz eta bikote gutxiago daude, eta geroz eta beranduago abandonatzen dute gazteek gurasoen etxea. Ez dira sexurako garairik onenak.

Ikerketek diotenez, arrakala dago generoaren arabera; ala, emakumeek adin bereko gizonek baino sexu gehiago dute; AEBetako datuetara jotzen badugu, adin tarte bereko emakumeen %18 dira urtebetean sexurik izan ez dutenak, gizonezkoen datuekin alderatuta 10 puntu beherago. 

Baina, zer diote psikologoek sexurik gabeko belaunaldi honen harira? The Washington Post egunkariak argitaratutako artikulu honen arabera, 1986. urtean 18 eta 34 urte bitarteko gazteen %35 ez zuen bikotekiderik; aldiz, egun adin tarte horretako emakume eta gizonen %51 ez du bikoterik topatzen.  

Bikote egokia topatzeko zailtasuna ez da sexu-harremanen jaitsieraren arrazoi bakarra; antza denez, teknologia berriek eraginik izan dute, eta baita krisi ekonomikoak ere. Beste modu batera esanda; egungo gazteek ez dute dirurik gastatzen kalera atera eta bertan planak eginez. Sare sozialen bidez harremantzen dira.

JAPONIA, MUTURREKO EGOERA

Sexu eza ez da soilik AEBetan gertatzen; Europan ere sexurik gabeko gazteen kopurua gora doa, eta Japonian egoera muturrekoa da. Hain zuzen, bertako 18 eta 39 urte bitarteko emakumeen %24 sekula sexurik izan gabekoa da, eta adin tarte bereko gizonen %25,8 ere ez du sexurik probatu. Hala, Japonia da azkarren zahartzen dabilen herrialdea; urtean 450.000 heriotza gehiago gertatzen dira jaiotzak baino.