SEXUMATOIA: TELMO IRURETA

SEXUMATOIA: TELMO IRURETA “ARREBAREN OHEA DA LARRUTAN EGIN DUDAN LEKURIK GOGOKOENA” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexumatoia-telmo-irureta/@@download/image/SEXUMATON_241_1.jpg
2023/07/03
elkarrizketa
“ARREBAREN OHEA DA LARRUTAN EGIN DUDAN LEKURIK GOGOKOENA”
SEXUMATOIA: TELMO IRURETA

TELMO IRURETA (ZUMAIA, 1989) AKTOREA ‘SEXBERDINAK’ ANTZEZLANAREKIN DABIL
HERRIZ HERRI, AITZIBER GARMENDIAREKIN BATERA. GUREKIN ERE SEXUAZ ARITZEKO
TARTEA HARTU DU, SERIOTIK ETA UMORETSU.

  • Zein da zure film erromantiko gogokoena?
    Ez dira erromantikoak gehien atsegin ditudanak, baina Titanic (James Cameron, 1997) bai!
  • Eta noizbait bero-bero jarri zaituen telesaila?
    Queer as Folk (Ron Cowen, Daniel Lipman, Russell T. Davies, 1999). Justinek bere gelakide homofoboa masturbatzen duen momentua. Zer ona!
  • Noiz eman zenuen zure lehen musua?
    2005eko San Telmo jaietan, hamasei urterekin. Hobeak eman ditut, baina gau hura topera aprobetxatu nuen.
  • Zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
    “Beste zeozer espero nuen”.
  • Zer da lehen begiratuan segituan erakartzen zaituena?
    Irribarrea. Egia esan, irririk gabe ere piztu izan naute. Eta mutila bizkarrez badago, nora begiratuko dut bada? Ipurdira!
  • Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
    Barruan daramadan Spice Boy-a askatzea. Emma Bunton eta Geri Halliwell-en arteko nahasketa antzeko bat naizela konturatu gara Aitziber Garmendia eta biok duela gutxi, kar-kar.
  • Gurpil-aulkian egoteak zertan oztopatu eta laguntzen du ligatzeko garaian?
    Ez du laguntzen, oztopatu bakarrik. Aurreiritzi asko ditu jendeak. Aulkian bazaude, aulkia ikusiko dute.
  • App-ak edota sare sozialak ligatzeko erabili al dituzu?
    Dena datorkit ondo. Sare sozialen oso zalea naiz. Hori bai, harremana aurrez aurre ere nahi dut, ez dadila gurea online bakarrik gertatu.
  • Ligatzeko ‘playlist’-ik badaukazu?
    Ez, baina boteretsu eta sexy sentiarazten nauen bat bai, eta horrela errazago ligatzen da.
  • Maniarik ba al duzu oheratzerakoan?
    Etzatean, alboetan zenbat leku geratzen zaidan begiratzen dut. Ohe estuetan ez naiz lasai egoten. Ez dut erori nahi.
  • Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
    Larrutan ez; eskulanetan bai, amak.
  • Inoiz egin al duzu txortan leku publiko batean?
    Bai, Zumaian. Amaia plazako komunetan adibidez.
  • Larrutan egin duzun lekurik gogokoena?
    Arrebaren ohea.
  • Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
    “Goazen nire etxera, dutxatu egingo gara”. Mutila mozkortuta zegoen eta, tontakeria badirudi ere, dudan mugikortasun faltagatik ezezkoa eman nion. Nola zutituko nau zutik mantentzea kostatzen ari zaion norbaitek?
  • Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena? Eta traketsena?
    Gozagarriak asko izan dira, eta traketsak gehiago.
  • Zer da sekula probatuko ez zenukeena?
    Kaka jatea, koprofagia. Ez, eskerrik asko.