SEXUMATOIA: KLAUDIO LANDA
“LAU PERTSONA BAINO GEHIAGOREKIN EGITEA DA NIRE FANTASIA”
MILLENNIAL ZAHARRENEK ‘SORGINEN LARATZA’ TELEBISTA SAIO FRESKO ETA GANBERROAREN GARAITIK EZAGUTUKO DUTE KLAUDIO LANDA (EA, 1967), ETA Z BELAUNALDIKOEK, BERRIZ, ‘BASERRIA’ ERREALITATE-PROGRAMA TARTEKO. SEKRETU MAMITSUAK KONTATU DIZKIGU!
- Zein da zure film erromantiko gogokoena?
Bram Stoker’s Dracula (Francis Ford Coppola, 1992). Bukaeran negar egin nuen eta ez zait sarritan gertatzen. - Eta noizbait bero-bero jarri zaituen telesaila?
V (Kenneth Johnson, 1984). Bero-bero jartzen nintzen Donovan izeneko pertsonaiarekin, ufa! - Nolakoa izan zen zure lehen musua?
Ez dakit lehena izan zen, baina udan Alemaniako Hanburgotik herrira iritsi zen mutil zoragarri bati eman nion gaztetan. Sexuz beteriko musu luzea izan zen. - Zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
Ez da komeni bikotekide ohiari buruz hitz egitea. - Zer da lehen begiratuan erakartzen zaituena?
Sudurra eta ipurdia. Sudur luzeak dira gehien gustatzen zaizkidanak. Ipurdiak, ordea, txikiak eta sendoak. - Hitz-jario handikoa izanik, balio izan al dizu ligatzeko?
Egia esan, okerrerako izan da. Batzuetan baliagarriagoa izan da isilik egon eta begirada pare bat botatzea. - Telebistan agertzeak lagundu ala kalte egiten du ligatzeko?
Ez dakit, agian ligatzeko aukerak baldintzatzen ditu. Lehen zitan telebistari buruzko galdera asko egiten dizkidatenean ez dit grazia handiegirik egiten. - App-ak edota sare sozialak ligatzeko erabili al dituzu?
Aurrez aurrekoak nahiago ditut. Tarteka sare sozialak edota aplikazioak erabili izan ditut. - Zer menu prestatuko zenuke lehen zita batean?
Pikatzeko zerbait: urdaiazpikoa, patea, pintxoak... Ez zait mahai inguruan luzaroan eserita egotea gustatzen, eta lehen zita batean kozinatzea baino gauza garrantzitsuagoak daude. - Ligatzeko ‘playlist’-ik badaukazu?
Ez. Dena den, ligatu ondoren, mutil horri gustatzen zaizkion kantak gorde eta noizean behin bera gogoratzeko entzuten ditut. - Zein da zurekin oheratzeko hobekien funtzionatu duen esaldia?
“Bagoaz?”. - Maniarik ba al duzu oheratzerakoan?
Galtzerdiak jantzita ohera sartzen denari kentzeko esan behar izaten diot. - Etxeko zein txoko da zuretzat onena sexurako?
Edozein, dutxan izan ezik... arriskutsua da! - Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Azkena hotel batean izan da; gela garbitzera zetorrena, abisatu gabe, ohea zegoen tokiraino sartu zen. Ez zen etenaldi luzea izan, garbitzaileak alde egin eta guk gurean jarraitu genuelako. - Zein da zure fantasiarik zoroena?
Lau pertsona baino gehiagorekin batera egitea. - Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena?
Bartzelonan ezagutu nuen mutil baten etxean izandakoa. Ez dut sekula ahaztuko!