[SEXUMATOIA] ITZIAR MANERO: “Itziar Atienza sexya da modu naturalean, jarrera artifizialik gabe”
Zer telesail edo filmek jartzen zaitu bero-bero?
Ez dut film edo telesailik gogoan, baina liburu bat bai: D.H. Lawrence idazlearen Lady Chatterley’s lover. 1928an idatzitako liburu bat izanda, asko harritu ninduen duen karga erotikoak. Orokorrean, erotikari dagokionez, uste dut nahiago ditudala liburuak filmak edo telesailak baino, zuk nahi duzuna imajinatzeko aukera handiagoa ematen baitute.
Noiz eman zenuen zure lehen musua? Zer moduzkoa izan zen?
Ikastetxean nengoela. Ez zen izan nire garaiko liburuetan edota film gogokoenetan bezalakoa. Eskerrak gero kontua hobetzen joan den.
Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
Bai, baina gerorako plan bat edo aitzakia bat prestatuta. Behar izatekotan, erraz ihes egiteko.
Zer da zita batean inoiz esan edo egin behar ez dena?
Zure nortasuna ezkutatu edo eraldatzea.
Zer da lehen begiratuan, segituan, erakartzen zaituena?
Eskuei asko erreparatzen diet beti.
Pertsona famaturen baten argazkia izan al duzu logelan, karpetan edo mugikorreko pantailan jarrita?
Umea nintzela Pirates of the Caribbean-en poster bat izan nuen logelan. Jack Sparrow, Elizabeth Swann eta Will Turner agertzen ziren. Nik Elizabeth izan nahi nuen. Antzinako soineko bat jantzita borrokatzen duten emakumezko pertsonaiak gogoko izan ditut beti.
Lehen zita batean, zertaz hitz egitea komeni da?
Pertsonaren araberakoa da, baina gogoko dut feminismoari loturiko gaiak ateratzen direnean. Modu naturalean, noski, baina pertsona horrek dituen iritzi edo erreakzioen arabera, elkar ulertuko dugun ala ez jakiteko lehenengo filtro moduko bat da.
Zita batera joaterako, asko pentsatzen al duzu zer jantzi edo zer itxurarekin agertu?
Orain dela urte batzuk garrantzi handiagoa ematen nion, baina orain oso gutxi. Ez diot buelta askorik ematen horri, iruditzen zait urteak betetzen zoazen heinean segurtasuna irabazten duzula. Eta aurrean dudan pertsonak gustuko banau, egun normal batean jantzita noan moduan ere gustuko izan beharko nau.
Zuk ematen al duzu lehen pausoa ala zain egoten zara?
Ez dut inoiz lehen pausoa nik ematen, baina norbait interesatzen bazait, interesa adierazten saiatzen naiz.
Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Esango nuke ez dudala trikimailurik.
Sare sozialetan DM edo mezu mezu zuzenik bidaltzen al duzu ligatzeko?
Inoiz ez, ez ditut sare sozialak horretarako erabiltzen eta dinamikak ere ez ditut oso ondo ulertzen. Zentzu horretan klasikoagoa naizela uste dut.
Zer pertsona ezagun iruditzen zaizu Euskal Herriko ‘sex symbol’-a?
Itziar Atienza. Sexya da modu naturalean, jarrera artifizialik gabe. Alaia eta jatorra ere bada. Segurtasuna, indarra eta jakinduria transmititzen ditu.

Zer famaturi bidaliko zenioke DM edo mezu zuzena?
Inori ez.
Zure lanbideak laguntzen al dizu ligatzen?
Bai, baina hobe lanetik kanpo ligatzea.
Zer menu prestatuko zenuke zita baterako?
Pertsonaren araberakoa da, baina ez dut uste nire sukaldaritzarako trebetasunak puntu askorik ematen didanik zita batean…
Fikziozko zer pertsonaia iruditzen zaizu sexya?
Mr. Darcy. Ahal bada, Colin Firthek gorpuztua. 1995ean BBC-k egindako Pride and prejudice-n edota Bridget Jones’s Diary pelikulan. Friki samarra naiz, bai.

Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko? Eta okerrena?
Ni baino nagusiagoak diren emakume askok esan didate gizon batekin ligatzerako orduan, zenbat eta kasu gutxiago egin, hark orduan eta kasu gehiago egingo dizula. Oraindik ez dakit gomendio ona ala txarra den.
Maniarik ba al duzu oheratzerakoan?
Zigarrotxoarena oso zinematografikoa iruditu izan zait beti, baina ez dut erretzen eta kearen eta tabakoaren usaina gorroto ditut.
Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Ez, eta inoiz ez gertatzea espero dut!
Etxeko lekurik onena txortan aritzeko?
Logela, zalantzarik gabe. Beste espazio batzuk probatzea dibertigarria da, noski, errutinatik ateratzeko eta abar, baina onena, argi eta garbi, logela da nire ustez.
Sexurako zer gomendio iruditzen zaizu aproposena?
Kidea ondo aukeratzea.
Gorputzeko zer atal iruditzen zaizu erotikoena?
Gorputz osoa izan daiteke erotikoa, atal bakarra aukeratzea kostatu egiten zait.
Jostailu erotikoak erabiltzea gustuko al duzu?
Bai, nork ez ditu gustuko?
