Sexualitatea kartzelan

Sexualitatea kartzelan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexualitatea-kartzelan/@@download/image/63p46-1.jpg
2006/05/05
erreportajea
Larraitz Arando. Sexologoa
Lanetik irten berri den anaia, unibertsitateko atarian duzu zain. Ostirala da, eta amaitu dituzu aste honetako klaseak. Asteburu honetan ez duzu tabernan lan egingo, jai eskatu baitzenuen. Ugaitz bisitatzera zoaz, Ugaitz ukitzera. Oraingoan, bisean-bisekoa tokatzen zaizu.

Zugandik 1.050 kilometrora dago Ugaitz. Anaiaren kotxean sartu, eta Eskoriatzatik Gasteizera eraman zaitu. Dagoeneko, han daude Keparen emaztea, Garaziren ama… ia asteroko lagunak. Denok duzue gauza komun garrantzitsu bat: asko maite duzuen hori, kartzelan duzue.

Bidaia luzean, gogoetak

Gaur denok zirrara berezia sentitzen duzue gaur; bihar, maite duzuen horrekin elkartuko baitzarete. Denak agurtu ondoren, autobusera igo, eta atzealdera joan zara, atzeko eserlekuetan jartzeko ohitura hartu baituzu azkenaldian.

19:00etan, puntu-puntuan irten da Donostiatik etorritako autobusa Gasteiztik Boceguillaserantz; errepide ondoko kamiolari-taberna batean afaldu ohi duzue. Badakizue, hemendik aurrera, gau ilunean sartuko zaretela, eta bakoitza bere pentsamenduetan murgildurik lo egiten ahalegintzea izango dela hemendik aurrerako helburua; "Azkenean kontabilitatea aprobatu dudala esango diot Ugaitzi. Gustatuko ote zaio nire orrazkera berria? Animoz ondo egongo al da? Aitorren partez goraintziak! Etxekoen partez ere bai…".

Bi astetik behingo bidaia, beti da berezia. Halere, astean zehar jasaten duzun nekeak, eta asteburuetan lan egin beharrak gogorarazten dizute ez dela lehenengo bidaia, etengabekoa baizik. Ordu pare bat lo egin ondoren, bizkarreko minak esnatu zaitu; begirada nagi bat bota, eta Madril zeharkatzen ari zaretela ohartu zara.

Posturaz aldatu, eta berriz ere lo egiten saiatu zara. Bostak dira. Sevillara heldu zarete. Autobusa gelditu egin da. Sevillan, Huelvan senideak dituztenak jaitsi dira. Zuk autobusean jarraitu duzu, Puerto de Santamariara (Cádiz) heldu arte, zortziak arte beraz.

Kartzelako hoztasuna

Gosaldu ondoren hasi dira lehengo bisitak. Gaurkoan, zu zara azkena. Arratsaldeko zortzietan, bis intimoa daukazu. Hau da, bi ordu, Ugaitzekin ohedun gela batean egoteko. Garaziren ama irten da; alaba ongi ikusi du, eta pozik dago. Bera horrela ikusteak indarrak piztu dizu, beste sei orduz itxaroteko.

Azkenean, "Miren Etxe…", ikasiko al dute egunen batean!, "Etxezarreta!. Ez da-eta hona natorren hirugarren aldia". Berriz ere dokumentazioa, detektagailuak, korridoreak eta ateak. Hainbeste hesi eta atek ongi gogorarazten dizute non zauden: kartzelan. Azkenean, gelako atea. Urduritasuna, irrika eta beldurra, nahasirik. Zure barne-sumendiak eztanda egin behar duela iruditzen zaizu.

Lau pareten arteko izarapetan

Bera ikustean, berekin bat egiteko gogoa eta sekula ez banatzeko desioa sentitu duzu. Beraren gorputzaren usaina, beraren beso trinkoak, bekokia nola muxukatu dizun… Ileak aurpegitik kendu dizkizu, eta kokotsa altxatu dizu.

Begietara begiratu zaitu, baita zuk berari ere. Maite duzu. Zuk ere indar handiz besarkatu duzu, kaskamotza ukitu diozu, eta bizarra kendu duela ohartu zara. Masail leunean hozka egin diozu. Ohean etzan zarete, elkarren beso artean.

Kalean, gozagarriak izaten ziren zuen arteko sexu-jolasak. Kartzelan, berriz, lehen bisean-bisekoak oso bortitzak izan ziren. Ez zarete makinak, eta egun eta ordu jakin horretan ez duzue zertan gogorik izan sexu-jolasik izateko. Halere, badakizue tartetxo bakarra dela bion gertutasun fisikoaz gozatzeko. Horrek presioa eragiten dizu, eta presio hori antsietate bihurtu zaizu. Lehen urtean, blokeatu egiten zinen. Urduri jarri, eta ez zenuen Ugaitz ukitzeko gogorik. Ez zenuen atsegin berak zu ukitzea. Giroa epeltzen hasi orduko, irteteko ordua heltzen zen. Sentipen gazi-gozoarekin irteten zinen askotan.

Erotikaren hesiak

Denboraren poderioz, eta gaiaz hitz egin ondoren, erlaxatu egin zarete, eta bion artean asmatu duzue egoeraren konponbidea aurkitzen. Orain, tartetxo horretan, bion gorputzak usaindu, ukitu, estutu, laztandu… Badakizue ez duzuela sexu-jolasetarako desira bera izango beti, baina, batzuetan, non zaudeten ahaztea ere lortzen duzue.

Batzuetan, elkarri gorputzak igurtzen dizkiozue; besteetan, beraren masturbazioetako fantasiak kontatzen dizkizu; noizbait ere masturbatzeko deskubritu zenuen modu berri hori berarekin konpartitu izan duzu… Gaur, asteleheneko amets erotikoa kontatu diozu, muxuen artean xurxulatuz. Gustatu zaizkio zuk kontatutakoak; Aitzorrotzeko haitz azpietan hirukote ezezagunak bizitako abenturak, hain zuzen. Beroaldi latza izan da gaurkoa. Ohartu zarete, poliki-poliki, erotikaren hesiak gainditzeko gaitasuna lortzen ari zaretela.

Halere, badakizu zure sexualitatea ez dela bisean-biseko momentu horietara soilik mugatzen. Badakizu, zure sexualitatea, hori baino zabalagoa dela.

Ugaitzek ere badaki bere sexualitatea bisean-biseko tartetxo hori baino zabalagoa dela, baina zurekin elkartzea zoragarria da berarentzat. Modu askotara desiratzen zaitu, eta zerorrek ere badakizu hori. Zure desirek gaur ez dute mugarik.

Etxera bueltan

Desiraren zaporea gorputz osoan duzula, guztiz indartsu eta pozik irten zara. Guztiak ohartu dira horretaz, eta guztientzat pozgarria da zu horrela ikustea. Taldea indartsu sentitzen da. Autobuseko lagunak zure zain egon dira, zu baitzinen gaurkoan azkena. Gaueko 22:00ak dira jadanik. Autobusera igo, eta bihar goizean helduko zara Gasteiza. Hantxe egongo da zure anaia, zu etxeraino eramateko itxaroten. Bihar igandea izango da, eta, etzi, unibertsitatera joango zara berriz ere.