Sexualitatea ez da tabakismoa…

Sexualitatea ez da tabakismoa… https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexualitatea-ez-da-tabakismoa/@@download/image/2010551887sexu_adikzioa.jpg
2010/05/07
erreportajea
TESTUA: nerea sancho psikologoa eta Sexologoa.
Nire lagun batek joera bitxia du. Hilero 100 euro gastatzen ditu horretan. Astero gaiari lotutako aldizkariak irakurtzen ditu. Bere neskalagunari galdetuz gero, ohitura horren erruz bere bikote harremanari denbora gutxi eskaintzen diola esango digu. Internet bidez ere aritzen da gaiaren inguruan eta, zenbat eta estresatuago sentitu, orduan eta gehiagotan egiten du. Nire lagunak laguntza behar al du?

Gure lagun honen zaletasuna golfean jokatzea dela argituko dugu. Laguntza behar duela pentsatzen al dugu orain? Pertsona batek sexu mendekotasuna duela arinegi esan ohi dugu,  batez ere kontzeptua 1983 urtetik aurrera masiboki zabaltzen hasi zenez geroztik. Kontuan hartu behar dugu, baina, sexu menpekotasuna ez dela tabakismoaren parekoa eta, beraz, beste mendekotasun askoren kasuan tratamendu gisa aplikatu ohi den abstinentziak ez duela balio honetarako. Dena dela, kontuz, zenbait egoera sexu mendekotasunarekin lotzea gatazkatsua izan daiteke eta. Hona hemen gauzak ez nahasteko hainbat giltzarri.

Masturbazioa

Senti dezakegu gehiegitan masturbatzen garela, konpultsiboki egiten dugula agian, denbora gehiegi eskaintzen diogula eta, hortaz, gehiegi sakondu gabe, sexu mendekotasuna dugula pentsa dezakegu.

Masturbatzea txarra dela pentsatzeak gaizki sentiarazi gaitzake. Bestalde, gogoan izan intimitatean edo ezkutuan egitea oso gauza ezberdinak direla.  Espazio intimoa pribilegiatua da, berezia. Ezkutuan egiteak besteak engainatzearen ideia dakar eta, momentu autoerotikoa lasaia izan ordez, presaka biziko dugu, harrapa ez gaitzaten, eta errudun sentituko gara. Hori horrela, berriro ez masturbatzeko aginduko diogu geure buruari. Baina ezingo dugu gure hitza bete, eta erruduntasun irudipen hori areagotu egingo da.

Masturbatzea gozagarria, positiboa eta osasuntsua da ongi, lasai eta nahi adina aldiz eginez gero.

Pornografia

Pornografia ikustean ere errudun sentitzen bagara, baliteke jokabide hori ekiditen saiatzea, batez ere ingurukoek edota bikotekideak gaizki ikusten dutela baldin badakigu.

Topaketa erotiko esplizituak aurkezten dituzten pelikulak ikusteko ohitura izatea fikziozko pelikulen zalea izatea da, pelikula pornografikoak fikzioa baitira, Star Wars bezalaxe. Errealitatearekin nolabaiteko parekotasuna izan dezakete, baina kointzidentzia hutsa da.

Desleialtasuna

Bikote batek ezartzen dituen kanpo-mugek bereiziko dute zer den eta zer ez den desleialtasuna. Batzuentzat masturbatzea, pornografia ikustea edota fantasia erotikoak izate hutsa ere fideltasun ezaren pareko dira. Beste batzuentzat, aldiz, prostitutengana joatea ez da desleiala, baina lagun batekin txortan egitea edo oporretara joatea bai. Horretan, aniztasuna ikaragarria da.

Fideltasun eza ez dugu zertan sexu mendekotasunarekin lotu behar, bikote harremanaren antolakuntzarekin baizik.