Sexua da bidea, amildegirakoa

Sexua da bidea, amildegirakoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexua-da-bidea-amildegirakoa/@@download/image/20119205043shame.jpg
2012/12/13
berria
Aitor Abaroa
Steve McQueen zuzendariak duela hiru urte plazaratu zuen lehen filma, Hunger. Bobby Sands buru zutela IRAko hainbat presok egindako gose greba kontatzen zuen film harekin nazioarteko hainbat zinemalditan saritua izan zen eta Donostian ikuslegoaren aipamen berezia jaso zuen Zabaltegi harribitxiak sailean. Batez ere, muturreko ekintzak errodatzean erakutsitako indarra eta era berean muturreko egoeran dauden pertsonaiak erretratazeko gaitasuna erakutsi zuen orduan. Bigarren film honetan –Shame–, gaiz guztiz aldatu badu ere, lehen lanean erakutsitako dohaiak sendotu baino ez ditu egin McQueenek.

Fassbenderrek gorpuzten duen Brandon 30 bat urteko gizona da, bizitzako frustrazioak sexuaren bitartez uxatzen dituen gizona. Ez da sedukzio kontua, ez da plazer kontua, are gutxiago maitasuna. Ezinegon existentziala apaltzeko droga hutsa da. Fassbenderrek ez du inori ezer erakutsi beharrik dagoeneko, baina lan honekin momentuko aktorerik onenetakoa dela konfirmatu du. Venezian Aktore Onenaren Volpi Saria ez diote guapoa izateagatik eman. Ezin aipatu gabe utzi inori ezer demostratu behar ez dion beste aktorea: Carey Mulligan. Ausartzen naiz esatera: momentuko aktorerik onena.  

Hasierako hamar minutuak ikaragarriak dira eta ikuslea lasai uzten dute denbora ondo aprobetxatuko duela konturatzen delako, baina era berean, zirrara berezi bat sortzen dio ikusiko duena erakargarri bezain deseroso egingo zaiola intuitzen duelako. Ondoren, sexua, gordin errodatua baina elegantziaz, plastikotasun ederrez. Hain eder, ezen protagonistaren autodestrukzio kiribila goxotasunez dastatzen baitu ikusleak. Noski, horrela azken minutu frenetikoek sabelean uzten duten ezinegona are azidoagoa da.

'Shame' (Zabaltegi Harribitxiak)


Zuz: Steve McQueen

Akt: Michael Fassbender, Carey Mulligan, James Badge Dale.