Sexua botikarik onena

Sexua botikarik onena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexua-botikarik-onena/@@download/image/34p21-2.jpg
2003/10/03
erreportajea
Osasuntsu egoteko biderik onenetakoa da sexua. Horretan ez du inork duda egiten. Zeintzuk dira, baina, sexu dosi eta 'botika' hartzeko baldintzarik egokienak?

Sexuak bizitza luzatzen du. Hala diote sexuaren eta osasunaren arteko lotura aztertu dutenek. Adibide bat: berriki, AEBetan, ikerketa egin dute 10.000 apaizekin (Eliza Katolikoaren arauen arabera, ezin dute sexu harremanik izan) eta apaizak gainerako herritarrak baino lehenago hiltzen direla ondorioztatu dute.

Beste hainbeste esan du Bristolgo George Davey Smith sendagileak: zenbat eta orgasmo gehiago, orduan eta luzeagoa bizitza. Sexuak gure osasunean eragindako 'mirariak' goraipatzen dituen aditurik aurkitzea erraza da: "Makina bat abantaila ditu sexuak, bai psikikoak, bai fisikoak: autoestimua igotzen du, bihotza indartzen du, lasaigarria da... Osasuntsu daudenen botika da sexua. Bizitza luzatzeko faktore nagusietakoa da", dio Luis Elberdin sexologo oreretarrak. 

Ez dago dudarik, beraz. Dena dela, botiketan bezala, sexuan ere dosiak garrantzia du. Adituak sexu harremanen maiztasun egokia zehazten saiatu dira: egunero, astean bitan, urtean 100 aldiz… Makina bat teoria dago gai honi buruz. Esaterako, 25 urtetik 35 urtera bitartean, sexu harremanak astean hiru aldiz izatea gomendatu du British Medical Journal aldizkariak. Batez beste txikiegia, Luis Elberdinen ustez:  "Gazteentzako batez besteko egokiena? Astean hiru aldiz norbaitekin eta beste pare bat, nork bere buruarekin. Dena dela, gehiagotan egitea ez da txarra, baldin eta harremanak kalitatezkoak badira. Ez dut ezagutu sexu harreman ugari izateagatik gaixotu den inor. Michel Douglas-i 'Basic Instint' filmean gertatutakoa salbuespena da". Baina bada dosia zehaztea norberaren lana dela dioenik ere. "Nork bere beharrak ezagutzeko eta asetzeko ahalegina egin behar du. Adina kontuan hartu behar da, bestalde: ez ditu behar berak 19 urteko gaztetxo batek, 25 urteko gazteak eta 45eko pertsona helduak", dio Olatz Berastegi sexologo ergoiendarrak.

Zein baldintzatan?
Hau guztia irakurrita, baten batek pentsa dezake, sasoian egoteko, sexuan jo eta ke aritzea dela onena. Ez da guztiz egia. Beste gauza askotan bezala, sexu kontuetan ere kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa da. Eta hona hemen galdera: zer demontre behar da sexualitate ona lortzeko? 

Olatz Berastegik eman digu erantzuna: "Maitatua sentitzea eta bikotekidea ondo ezagutzea". Izan ere, bikotekidea ondo ezagutuz gero, gehiago gozatzeko aukera dago. "Horregatik askoz ere sexualitate osasuntsuagoa dute, oro har, bikotekide egonkorra dutenek ez dutenek baino", dio sexologo nafarrak. Elberdinek ere iritzi bera du: "Lorez lore ibilita, segurtasun falta areagotzen da eta autoestimuak behera egiten du; horrela dabiltzanek sexu harremanak dituzte, baina bikotekidea izateko gauza ez direla sentitzen dute. Horrek etsipena eta antsiedadea sortzen du. Beraz, oro har, zaila da modu horretan sexua sendabide izatea".

Badakizu; aurkitu zure neurri eta gogoko laguna eta bihur ezazu sexua osabide. Ez zaizu damutuko.

Sexuaren onurak



Onura ugari ditu sexuak. Bai arlo fisikoan, bai psikikoan. Hona hemen haietako batzuk:

-Mina arintzen du
-Anemiaren aurka babesten gaitu
-Bihotza indartzen du
-Autoestimua igotzen du
-Giza harremanak hobetzen ditu
-Depresioari aurre egiten laguntzen du
-Lasaigarria da
-Gaztetu egiten du