Sexu kontuak ETB2n

Sexu kontuak ETB2n https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexu-kontuak-etb2n/@@download/image/30p49-1_1368696989.jpg
2003/05/02
erreportajea
Ainhoa Irazu


ETB 2-ko "Me lo dices o me lo cuentas" telesaioak sexualitatearen mundura hurbiltzen gaitu ostegunero, gauerdian. Lorena Berdun sexologo eta psikologo espainiarra da ETBk sexualitateari eskainitako saio bakarraren gidaria.
Azaroan hasi ziren pantailaratzen El Terrat ekoiztetxeak sortutako  "Me lo dices o me lo cuentas", eta ikusleen artean arrakasta zuela ikusita, ETBko programazio buruek atal gehiago erosi dituzte. Beraz, segida izango du denboraldi amaiera arte.

Saio polita eta interesgarrarria egiten du Lorena Berdunek, naturaltasun osoz eta era dibertigarrian aurkezten baititu sexu kontuak. Astero gai bati buruz dihardu: voyeurismoa, txortan egiteko jarrerak… Horrez gain, adituen gomendioak, gaiarekin lotutako bideo umoretsuak eta elkarrizketak ere eskaintzen ditu saioak, denda erotikoen atala ahantzi gabe. Eta ikusleek kezkak argitzeko aukera dute 902100663 telefono zenbakira hots eginez edo melodices@eitb.com helbide elektronikora idatziz.  ETBko arduradunen arabera, orain arte galdera eta kezka uholdea izan da, eta aurkezleak lotsarik gabe eman ditu eman beharreko erantzunak. Horixe baitu helburu saioak: sexualitatea naturaltasunez bizitzea, gozatzea eta tabuak apurtzea.

Gauza guztietan bezala, ordea, alde iluna ere bada. Batetik, berandu samar
pantailaratzen da. Bestetik, honelako saio bat egiteko, ETBk Forta-ra (Espainiako irrati eta telebista autonomikoen federazioa) jo du, merkeagoa baita, bertako ekoiztetxeen kaltetan. Azkenik, gaztelaniazko produktua da. Horra hor, beraz, gure eskaera: noiz egingo du ETBk sexuari buruzko saio bat euskaraz? Izan ere, oso ondo dago pilota eta futbol partidak euskaraz eskaintzea, baina gaur egun, telebistan, euskaldunok ez dugu sexuari buruzko informazioa gure hizkuntzan jasotzeko aukera.