Sexu-joeraren arabera aktore bat ala beste aukeratzea

Sexu-joeraren arabera aktore bat ala beste aukeratzea Zentzua ote du aktore heterosexual batek pertsonaia homosexual bat interpretatzea? Edo zis batek trans bat? Eta alderantziz? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexu-joeraren-arabera-aktore-bat-ala-beste-aukeratzea-zuzena-ote-da/@@download/image/JAred-Leto-Trans.jpg
2020/12/07
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zentzua ote du aktore heterosexual batek pertsonaia homosexual bat interpretatzea? Edo zis batek trans bat? Eta alderantziz?
Sexu-joeraren arabera aktore bat ala beste aukeratzea

Geroz eta gehiago zaintzen den kontua da, eta aktoreak hasi dira beren sexu-joerarekin bat egiten ez duten rolei uko egiten. Arrazoi nagusia ez da horrenbeste heterosexual batek homosexual baten rola egiteko gaitasun handiagoa ala murritzagoa izatea, urtetan itzalean izan diren aktore homosexual, bisexual, lesbiana, trans, ez binario eta gainerakoei merezi duten espazioa uztea baizik. Izan ere, trans batek zergatik ez du zisgenero baten rola egingo, alderantziz egiten bada?

Eztabaida horren erdian, Viggo Mortensen aktorea kritikatu dute 'Falling' filmagatik. Aktoreak zuzendu duen lehen lana da, eta bertan pertsonaia homosexual baten rola interpretatzen du. Horixe da hain zuzen aurpegiratu diotena; heteroa izanik gay baten rola egitea. Aktoreak, baina, erantzun argigarria eman du: "Erabat heterosexuala naizela jakintzat jo duzue".

Aktoreak azalpen hau eman du: "Nire bizitza nolakoa den badakizue? Beharbada guztiz heterosexuala naiz, beharbada ez. Baina hori ez da zuen egitekoa. Terry Chenek nire senarraren rola egiten du filmean; bera homosexuala ote da? Ez dakit, eta ez dut halakorik galdetzeko asmorik casting bat egiterakoan".

Baina errealitatea da geroz eta aktore gehiagok egiten diotela uko beren sexu-joerarekin bat ez doazen paperei; horietan azkena Wentworth Miller izan da, Prison Break telesail arrakastatsuko protagonista. Millerrek duela gutxi adierazi du heterosexualen rol guztiei uko egingo diela aurrerantzean; 2013an publikoki adierazi zuen homosexuala zela eta ez zuela Prison Break telesaileko protagonistaren rola berriro egingo. Arrazoia? Bere hitzetan, "Ez dut heterosexualen istorio gehiago kontatu nahi; uste dut nahikoa kontatu direla. Ez dut esaten homosexual guztiek heterosexualen rolak egiteari utzi behar diotenik, baina nik homosexualen istorio gehiago kontatzea nahi dut".

Ez da erabaki hau hartu duen aktore bakarra; Darren Criss aktoreak hainbat homosexualen paperak egin ditu Glee edota American Crime Story telesailetan, baina aurrerantzean soilik paper heteroak onartuko dituela adierazi du: "Ez dut homosexualei rolak lapurtzen dizkien beste mutil hetero bat izan nahi". Berdina adierazi zuen Lucas Grabeel (High School Musical) aktoreak.

Bestalde, Halle Berry aktoreak pertsonaia transexual baten rolari uko egin dio; Scarlett Johansson-ek ere berdina egin zuen Rub & Tug filmean, kritika asko jaso ondoren.

Aktoreen edozein rol egiteko gaitasuna izan beharko lukete; orduan, zergatik ezin dute beren sexu-joerarekin bat egiten duen paper bat onartu? Erantzun bikainena Glen Close aktoreak eskaintzen digu: "Antzeztea arte bat da, eta edozein aktorek edozein paper egiteko askatasuna izan beharko luke; baina kontuan izan behar dugu pertsona trans, homo, bi, lesbiana eta beste joera ez normatiboetakoen sumina, ez dituztelako inoiz aukeratzen. Ez dugu ahaztu behar, gainera, pertsona trans-ek eta bestelakoek ere heterosexualen rolak egiteko aukera izan beharko luketela berdin berdin. Niretzat, hortxe dago gakoa".