Sexu erasoak salatzeko aukera eskainiko du TripAdvisorrek

Bidai berri bat antolatzen ari bazara, ziur dagoeneko irakurri dituzula zure helmugarako aukeratutako hotel eta jatetxeen inguruko iritziak Interneten. Sareak abantaila handia eskaintzen digu gure bidaiak antolatzeko orduan, esperientzia txarrak ekiditeko aukera dugulako aurretik bertan egon direnen esperientziak ezagutuz. Bezeroen iritziak jasotzen dituen plataforma handiena TripAdvisor da; bertan, munduko hotel, jatetxe eta denda gehienen inguruko iritzi eta balorazioak irakurri daitezke. Hala, joan aurretik badakigu ze itxura duten lekuek, ze prezio ordainduko dugun eta zer espero dezakegun.
Bada orain, TripAdvisorrek aukera berri bat eskainiko du; lekuren batean erabiltzaile (edota langile) batek sexu eraso edota jazarpena jasan badu, eraso hori salatzeko aukera izango du. Aukera honekin, TripAdvisorrek hotel zein jatetxeen segurtasun maila neurtzea du helburu. Filtro berri honi ‘traveller safety review’ izena jarri diote, eta izar kopuruen arabera, erabiltzaileek jakin ahalko dute leku bakoitzaren segurtasun maila.
Zoritxarrez, iaz TripAdvisorren 1.100 adierazpen agertu ziren sexu erasoak salatzen, bai bidaiarien aldetik zein langileen aldetik. Filtro berria 28 hizkuntzatan egongo da eskuragarri, eta erasoez gain, drogak, lapurretak eta bestelako indarkeria salatzeko ere balioko du.