Sexologia Euskal Herriko sarean

Sexologia Euskal Herriko sarean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexologia-euskal-herriko-sarean/@@download/image/68p30-3_1365163233.jpg
2006/11/03
erreportajea
Internetek bide berria ireki du sexuaren inguruko zalantza eta kezkak argitzeko. Izan ere, hainbat elkarte eta mugimenduk sexologiarekin lotutako zerbitzuak jarri dituzte sarean: www.kattalingorri.org, www.sexologiazerbitzua.com, www.ehgam.org, www.goxoki.com, www.gaztesarea.com... Zerrendako azken bi horiengana jo dugu, jakin-minak jota.



Ion Telleria: "Sexuaz lasai hitz egiteko eremua sortu dugu"



Zeintzuk dira Gaztesarea-ren "Gozategi" gunearen helburuak?
Gazteon arteko harremanak indartzeko, eta gazteria kolektibo gisa irudikatu eta bizitzeko, sortu genuen Gaztesarea. Beraz, hasieratik, kezka sortarazten dizkiguten gaietan, gure uste eta bizipenak lantzeko konpromisoari heldu genion. Dudarik gabe, gazteok bizi dugun, eta zoritxarrez, askotan pairatzen dugun gai nagusietako bat sexualitatea da. Eliza katoliko-kristauak inposatutako moraletik abiatutako sexu ohiturak eta bizi ohiturak ditugu. Sexua, pertsonen arteko harremanaren oinarri izan beharrean, zerbait arraroa eta sekretua balitz bezala barneratzen dugu. Beraz, "Gozategi"k horrekin apurtu nahi zuen. Sexuaz lasai hitz egiteko eremua sortu nahi genuen, sexualitatearen atzean dagoen moral atzerakoiari mozorroa kendu nahi genion, eta, horrez gain, gazte mugimenduaren eraikuntzan ere zerikusi handia duela erakutsi nahi genuen. Helburua lortzetik urrun gaude oraindik, baina, abiapuntu txukuna jarri dugu "Gozategi"n parte hartzen dugun gazte guztiok. Orain, abiapuntutik helmugarako bide luzeari ekin behar diogu.

Zer topa dezakegu "Gozategi"n?
"Gozategi"n gauza asko dago, baina "Izarapeko Aholkuak" izenekoa da tarte biziena, politena eta harrera beroena izan duena. Bertan, edonork bere kezkak plazara ditzake, eta, modu berean, edonork bere esperientziatik erantzuna argitaratu dezake. Bakoitzaren bizipenekin elkar elikatzea da asmoa: egin nahi genituzkeen galdera horiek, eta ezagutu nahi genituzkeen gai horiek, modu naturalean landuz. Horretaz gain, sexuaz hausnarketa sakona egiten duten erreportaje eta elkarrizketen atalak ere badaude.

Alor honetan, zeintzuk dira gazteen artean arrakasta lortzeko osagai magikoak?
Osagai magikoak egotekotan, horiek euskal gazteak dira, eurek osatzen baitute "Izarapeko aholkuak" atala. Modu honetako foro batek horrelako arrakasta izatea sintomatikoa da; horrek erakusten du, eguneroko lagun arteko giroan, gazteok ez garela gauza kontu hauetaz aritzeko. Noski, guk ez dugu lagun arteko berriketa modu honetako tresnekin ordezkatu nahi, alderantziz baizik. Edozertaz lasai hitz egiteko gai sentitzea nahi dugu. Hasieran lotsa ematen badigu ere, azkenean, kezka oro arrunta dela konturatuko gara, ez garela "bitxo arraroak" halako edo bestelako zalantzak izateagatik. Beraz, modu xumean bada ere, tresna hau baliagarri izatea espero dugu, gotzainek, presidenteek, irakasleek eta gainontzekoek inposatu diguten eredua gainditzeko, sexua era askean bizitzeko: azken batean, sexualitatea bizitzeko modua bera eredu aske baterako bidean jartzeko.

www.gaztesarea.com/gozategi

Nerea Sancho: "Goxoki! Bota zure galdera!"



Zergatik goxoki.com izena?
Erraz gogoratzeko moduko izena aurkitu nahi genuen; izen motza behar zuen, eta sexualitatearekin sinbolikoki lotura izatea garrantzitsua zen. 'Piropo' bat da, eta xamurtasuna ere islatzen du.

Nori zuzendua dago zuen weba?
Bereziki, gazteei informazioa eta laguntza ematea dira Atseginez Elkartearen helburuak. Horren arabera eman genion itxura webguneari, baina, hala ere, adin eta lanbide guztietako pertsonei eskaintzen diegu zerbitzua… beraz, ongi etorri guztiak goxoki.com-era.

Zeintzuk dira goxoki.com-en helburuak?
Helburua bakarra da, eta hiru bide ditu. Helburu nagusia, sexualitatearen inguruan aholkularitza eta informazio fidagarria eskaintzea da. Modu horretara, pertsonak berak dituen aukerak baloratzeko, eta erabaki askeak hartzeko modua izango dugulako. Zein bide dauden horretarako? Batetik, webgunean hilero berritzen ditugu edukiak daude. Bestetik, e-posta bidez kontsultak egin daitezke, eta azkenik, telefono bidez ematen dugun zerbitzua dago.

Zer aurkituko dugu Goxoki.com-en sartuz gero?
Zortzi atal ditugu: albisteak, zalantzak, mitoak, hiztegia, jokoa, "galdeiguzu", irakurketak eta loturak. Guztiak irakurterrazak dira, eta garrantzitsuagoa dena, erabilgarriak izateko asmoarekin prestatzen ditugu.

Goxoki, Atseginez Elkartearen zerbitzua da. Zuen elkarteak sexu eta ugalkortasun eskubideak defendatzen ditu… gazteek, ba al dute eskubide horien berri?
Pixkanaka, gero eta gehiagok dute eskubide horien kontzientzia. Tamalez, estualdi batean daudenean jabetzen dira gazte asko, eta horietatik asko, gainera, harremanei buruz fundamentuzko hezkuntzarik jaso ez izanaz kexatzen dira.

Norantz doa Goxoki proiektua?
Azken hilabeteotan, asko ugaritu dira e-posta eta telefono bidezko kontsultak, eta nahiz eta lantaldea profesionalek osatzen duten, lanaren zati handiena borondatezkoa da. Horrek esfortzu handia eskatzen du, noski. Beraz, zerbitzua bera mantentze hutsa, helburua da gaur egun. Bestetik, gazteek "Sexu eta Ugalkortasun Eskubideak" ezagutu ditzaten nahi dugu, era horretara, eskubide horiek aldarrikatu ahal izango dituztelako bermatzen ez zaizkienean. Hau lan ildo garrantzitsua da, eta merezi du, pertsona guztien ongizatean eragiten baitu.

Zerbait gehiago gehitu nahi?
Zerbait galdetu nahi duenari, baina pausoa ematea kostatzen zaionari, zera esan nahi diogu Goxokiko lagunok: "Goxoki! bota zure galdera!". Ez dago galdera 'arrarorik', ziur egon horretaz!