'Sexberdinak' antzezlanak irabazi du XXIV. Donostia Antzerki Saria

'Sexberdinak' antzezlanak irabazi du XXIV. Donostia Antzerki Saria Martxoaren 27an jasoko dute saria eta antzezlanaren emanaldia egingo dute doan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexberdinak-antzezlanak-irabazi-du-xxiv-donostia-antzerki-saria/@@download/image/XXIV. Donostia Antzerki Saria_Sexberdinak (5).jpg
2024/03/04
Martxoaren 27an jasoko dute saria eta antzezlanaren emanaldia egingo dute doan.
'Sexberdinak' antzezlanak irabazi du XXIV. Donostia Antzerki Saria

Ttanttaka Teatroaren Sexberdinak antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko 24. Donostia Antzerki Saria. Epaimahaiaren iritziz, lan hori izan da 2023an helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz Donostian eskainitako antzezlanik onena. Lan honetako aktore protagonistak Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta dira eta, bertan, garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki-saltzaileak beren bizipen afektibo sexualak azaltzen dituzte inolako konplexurik gabe, "gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, hainbat beldur, amets eta ilusio ditugula erakusteko". 

Epaimahaiaren iritziz "oso modu egokian egiten da aniztasun funtzionalaren planteamendua" eta aktoreen, zuzendariaren eta erabiltzen diren baliabide eszenografikoen bitartez, "emaitza bikaina" lortu dela nabarmendu dute. Gainera, pertsona hauen errealitate afektibo eta  sexualararen gaia "antzerkian oso gutxi" landu dela ere azpimarratu dute:“Publikoa maitasunari, sexuari, autoestimuari, konplexuei eta bakardadeari buruz hausnartzera bultzatzen du eta agerian geratzen dira gutako bakoitzak gaiaren inguruan ditugun ezintasunak eta, aldi berean, aurreiritziak”.

Antzezleen lanari dagokionez, honakoa adierazi dute epaimahaikoek: "Konplizitate osoz, indarrez, umorez eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta komedia eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute". Umorearen erabilerari ere egin diote aipamena: "Gai garratza eta deserosoa izaki, trebezia eta ironia handiz erabiltzen dute umorea publikoarengana hurbiltzeko eta horrek erritmo eta arintasun handia ematen dio antzezlanari sakontasun izpirik kendu gabe”.

Bestetik, eszenografiaren berezitasuna ere nabarmendu nahi izan du epaimahaiak: "Ikusleak gurpil-aulkietan eserita daudela, erdian geratzen den espazioak osatzen duen eremu eszenikoa oso baliabide eraginkorra da publikoarengana emozionalki iristeko".  

Tanttaka konpainia irabazleak 12.000 euro eta Aitor Ruiz de Eginoren artelana jasoko ditu sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria eman eta gero lan irabazlea eskainiko da doan.