Sex Pistols zikinkeria eta amorrrua

Sex Pistols zikinkeria eta amorrrua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sex-pistols-zikinkeria-eta-amorrrua/@@download/image/10p36-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ricardo Aldarondo
Punkak eztanda egin zuenetik 25 urte beteko dira aurki. Mugimendu honen aitzindari nagusia Sex Pistols taldea izan zen. Laster, talde honen oroitzapen gazi-gozoak ekarriko dizkigun filma izango dugu gure artean: Julie Temple-ren "The Filth and the Fury". 

Garai orori iristen zaio noizbait nostalgiaren hitzordua. Iragana oraina baino hobea omen da beti. Baita punk-arentzat ere, nostalgia bera, gizartean ezarritako arau guztiak, biguntasuna eta sentiberatasuna pikutara bidali zituen mugimenduarentzat. Zaila da, beraz, urte haietako eta jokaera haien balantzea egitea. Batez ere, mobida haren morroirik sinesgarrienez eta eraginkorrenez mintzatu behar badugu: jaun-andreok, Sex Pistols-ek, mito eta talde gisa, hogeita bost urte bete ditu. Zaila zen dokumental sinesgarri, informatzaile eta benetakoa egitea, protagonistak, batetik, eta euren jarraitzaileak zein 70eko hamarkadako bigarren zati hura bizi ez zutenak, bestetik, pozik utziko zituena; inork gutxik asmatuko zuen.
Julien Temple zen pertsona egokia, Sex Pistolsen inguruko guztiaren lekuko. Temple-k lehendabiziko film bat egina zuen: "The Great Rock'n Roll Swindle". Film hark, dena den, ika-mika eragin zuen, azaleko izpiritu ironiko batetik edan nahi izan baitzuen: "denak balio du", "txantxa besterik ez da izan, gizartearen bizkar barre egiteko aitzakia eta iruzur hutsa"... Barregarria eta zirikatzailea zen arren, hankamotz geratu zen bihotzik gabeko film hura. Urteen poderioz, zinegintzan eta bideogintzan ikasitakoari esker, Julien Templeren "The Filth and the Fury" filmak dokumentalik onenaren dohain guztiak ditu: berritzailea, informatzailea eta sinesgarria da, pantailatik salto egin eta ikusleei punka, Sex Pistolsak eta Ingalaterra eta mundu osoa astindu zituen musika mugimendua nolakoak izan ziren jakinarazteko gai.
Langile auzoaketa Ingalaterrako erregina
Punka ez zen ustekabez "Zikinkeria eta amorraua"-n jaio. Beraz, Julie Templek mugimenduaren erroak bilatu ditu ingurune politikoan eta sozialean. Minutu luzez langile mugimenduak, hiri handietako auzo pobreak, gerora XX. mendeko irudirik indartsuenetako batean Sex Pistols-ek belarritakoz josiko zuten erreginaren papera, moda edo garai hartako gertaera nagusiak... jorratzen ditu Templek. Montaje azkarra eta zehatza da, erritmo bikainean panorama zabala marrazten duena, astuna izan gabe; umore handikoa, albisteak, filmak, dokumentalak, lekukoak eta abar uztartzen ditu.
Punk musika ere ez zen ezerezetik jaio. Rock sinfonikoaren dinosauruak jaun eta jabe zirenean, baziren bestelako joera batzuk, glam-a, New York Dolls-en rock lotsagabea edota Iggy Pop-en indar basatia, esaterako, eta punkak joera hauek aurrera egiteko baliatu zituen.
Jhonny Rotten-en malkoak
Informazio honekin guztiarekin, Templek Sex Pistols-ek hemezortzi hilabeteetan izandako eztanda eta gainbeherari ekiten dio. Jatorrizko taldekideei banan bana elkarrizketak egin zaizkie, ilunpean, egileak denboraren aztarnak Sex Pistolsen izpiritu eta estetika gazte eta speedikoa urratzea nahi izango ez balu bezala. Lagunartean eta barnetik egindako adierazpenak dira, ironia eta sentiberatasunaren artean harreman ezinhobea sortzen dutenak eta Johnny Rotten lotsagabe eta zirikatzaileak, Sid Viciousi gertatutakoa oroitzean, isuritako malkoekin gailurrera iristen direnak. Sid Viciousek ere bere filma izan zuen, "Sid and Nancy", baina hala ere, "The Filth and the Fury" honek beste edozeinek baino hobeto erakusten du zer izan ziren Sex Pistols-ak: musikan eta gizartean izandako eragina, esperientzia gazi-gozo hura, Ameriketako bira barne, beraiek baino arriskutsuagoak ziren cowboy-ei aurre eginez...
Kontzertu ugarietako irudiez, telebistan egindako agerpenez eta garai hartako elkarrizketez hornitua, "The Filth and the Fury"-k, gezurrezko nostalgiarik gabe, Sex Pistolsen botorea eta amorrua erakusten dizkigu, eta batez ere rock gordinenaren indarra izaten jarraitzen duten kantuak gogorarazten dizkigu.