Settimana Basca! Erroman

Settimana Basca! Erroman https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2013/11/27
berria
Settimana Basca! Erroman
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, abiatuko da Settimana Basca! jaialdia Erroman, eta hilaren 7ra bitarte euskal zinea, gastronomia, musika, literatura eta antzerkia uztartuko dituzte bertako Asociazione Culturale Euskara elkartearen eta UPTER Unibertsitateko Euskara Sailaren ekimenez.


Beste urte batez, euskal kultura goratzeko helburuz sortutako jaialdiaz, Settimana Basca!-z, gozatzeko aukera izango dute abendu hasieran Erroman bizi diren euskaldunek. Euskararen Nazioarteko Eguna izango da ekimenei hasiera emateko aitzakia, eta Erromako Asociazione Culturale Euskara elkartea eta UPTER Unibertsitateko Euskara Saila arduratuko dira antolaketaz.

Gartxot animazio filma aurkeztuko dute Tommaso D’Aquino kaleko Spazio Oxygen aretoan hilaren 3an bertan. 19:00etan aperitiboarekin hartuko dituzte ikusleak, eta filmaren proiekzioaren ostean Lazioko Soinu-mapa egitasmoa aurkeztuko dute eta Dì-esan proiektuaren bideo-emanaldia egingo dute.

Hurrengo egunean, abenduaren 4an, Harkaitz Canoren Filo d’erba (Belarraren Ahoa) obra aurkeztuko dute Giufá liburu dendan 18:30ean, eta abenduaren 5ean, 21:00etan, Gazta Zati Bat dokumentala proiektatuko dute, Jon Maia lanaren zuzendariak berak egindako aurkezpenaren ostean. Cineclub Detourren izango da.

Abenduaren 6an, ostirala, Pintxoak! gastronomia dastaketa eta musika eta antzerki ikuskizuna egingo dituzte Hula Hoop aretoan 19:00etan, eta jaialdiari amaiera emateko, Joseba Tapia eta Luis Fernandezek gitarra eta biolontxelo kontzertua eskainiko dute 22:00etan Cinema America Occupato aretoan larunbatean. Ekitaldi guztietarako sarrerak doakoak izango dira. Beraz, Erroman bazabiltza eta bertako euskal komunitatearekin bat egin nahi baduzu, badakizu zer egin!