Selma Blair: Begirada goibeleko neska

Selma Blair: Begirada goibeleko neska https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Selma Blair: Begirada goibeleko neska
Ikatza bezain beltza du ilea. Elurra bezain zurbila aurpegia. Bere begi ederrak usu tristezian itotzen direla dirudi; gure bihotzen aingura bihurtuz. Selma Blair ez da Hollywoodeko ohiko zinema izartxoa, zinez. Sorgintzen duen begirada samurra du. Malenkoniatsua oso. Porlanezko arimak urtzeko moduko irribarre etsia. Zinema industriak, ostera, bigarren mailako rol txikiak baino ez dizkio eskaini. Baina parte hartu izan duen komedia tuntunenean ere utzi du bere xarmaren arrastoa.  
Familia judu batean jaioa, artea eta ingelesa ikasi zituen unibertsitatean. Michigan atzean utzi, eta New Yorkera jo zuen argazkilari izateko asmoz. Hantxe, Stella Adler Conservatory entzutetsuan interpretaziozko klaseak jasotzen hasi zen. Lasterrera, zinemak bere atea jo zuen. "In & Out" komedia arrakastatsuan aritu zen, baina inortxok ere ez zuen begirada goibeleko neskatoan erreparatu. Selmak, ordea, ez zuen etsi. Eta, apurka-apurka, zinema independentearen musa bilakatuz joan da.
Paradoxikoki, "Cruel Intentions" film komertzial erdipurdikoak egin zuen ezagun mundu osoan. Bertan, ohi legez, bigarren mailako rola zuen. Filmeko eszena batean, baina, Sarah Michelle Gellar –Buffy, banpiro-ehiztaria– musukatu egiten zuen Selmak. Musu lesbiko hura oso ospetsu egin zen, eta hautsak harrotu zituen AEBetako gizarte puritanoan. Sortutako polemikaren eraginez, zinema independentean ez ezik, Hollywoodeko ekoizpen hanpatuetan ere lan egiteko aukera izan du azken urteotan.
Dena dela, zinema komertzialean baino areago, zinema independentean egin da aktore Selma Blair. Todd Solondz-en "Storytelling" eta John Waters-en "A Dirty Shame" bezalako pelikuletan, hain justu. Eta, azkenean, bigarren mailako aktore izatetik protagonista izatera ere pasa da. Guillermo del Toro mexikarraren "Hellboy" filma da lekuko. Selmaren ametsak ere ez dira jada bere begiak bezain tristeak. Iaz Ahmet Zappa musikariarekin ezkondu baitzen. Antza, Frank Zappa handiaren semearen musikak laztantzen du orain begirada goibeleko neskatoren bihotza.
Nortasun agiria:
Izena: Selma Blair Beitner.
Jaioteguna: 1972-VI-23.
Jaiolekua: Southfield (Michigan/AEB).
Senarra: Ahmet Zappa musikaria.
Lagunak: Betikoak.
Aktore kutunena: Marlon Brando.
Musikari gogokoena: Frank Zappa.
Liburu bat: "Les liaisons dangereuses" (Choderlos de Laclos).
Zuzendari miretsiena: Askatasun osoz lan egiten duena.
Kolore gustukoena: Beltza.
Zaletasuna: Argazkilaritza.
Maite du: Rol bitxiak jokatzea.
Gorroto du: Zentsura.