'Selfie'-ak gidatzen; egin al duzu inoiz?

'Selfie'-ak gidatzen; egin al duzu inoiz? Ikerketa batek dioenez, Euskadiko 70.500 gidari inguruk onartzen dute noiz edo noiz 'selfie' bat atera dutela errepidean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/selfie-ak-gidatzen-egin-al-duzu-inoiz/@@download/image/Selfie-Day-DONT-selfie-and-drive_istock.jpg
2019/09/24
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ikerketa batek dioenez, Euskadiko 70.500 gidari inguruk onartzen dute noiz edo noiz 'selfie' bat atera dutela errepidean.
'Selfie'-ak gidatzen; egin al duzu inoiz?

Mugikorraren erabilerarekin arazo bat dute Euskal Autonomia Erkidegoko gidariek. Ondorio hori kaleratu du Línea Directak egindako ikerketa batek; argitaratutako datuen arabera, 70.500 gidari inguruk selfie-ak atera dituzte gidatu bitartean. Ikerketa Espainia mailan egin dute, eta beste datu batek arreta pizten du; Espainiako gidarien %37 WhatsApp mezuak idazten ditu gidatu bitartean.

Hain zuzen, ikerketa honek ondorioztatu duenez, Euskadiko gidari gehienek ez dituzte mugikorrekin lotutako debekuak ezagutzen. Hala, autonomiako gidarien %44 ez da kontziente mugikorretik ezin dela hitz egin horretarako gailurik gabe, eta %80 ez daki isuna zenbatekoa den. Bestalde, Euskadin mugikorrekiko dagoen mendekotasuna larria dela dio ikerketak, gidarien erdiak erabiltzen baitu mugikorra gidatu bitartean.

ISTRIPU LARRIEN ITURRI

Mugikorrekin lotutako auto istripuen inguruko datuak ere jaso ditu ikerketak, eta dirudienez, bereziki larriak dira gehienak. Bidetik ateratzea edo aurreko autoekin talka egitea da mugikorra erabiltzearen ondorio ohikoenak, eta istripuak dituztenen %75 bakarrik bidaiatzen dute, autoetan. Lan egunetan gertatu ohi dira istripu horiek, eta kasu gehienetan eguraldiaren zein errepidearen egoerak onak ziren. 

Mugikorrekin lotutako istripuak eragiten dituzten gidariak 18 eta 24 urte bitartekoak dira, eta batez ere semaforoetan edota auto-ilaretan gertatzen dira. Gehienek lan kontuengatik erabiltzen dute mugikorra, baina baita ohitura edota asperduragatik ere.