Sei fobia ohikoenak

Fobia antsietate-nahasmendua da; gehiegizko eta justifikaziorik gabeko beldur eta ikara iraunkorra sentitzea objektu, animalia edo egoera baten aurrean. Psikean eragiteaz gain, gorputzean ere izaten dira sintomak, izerdia edota takikardiak, esaterako. Normalean haurtzaroan eta nerabezaroan agertzen bada ere, edozein adinetan gerta daiteke. Honako hauek dira fobia ohikoenak:
1. Aerofobia edo hegan egiteko beldurra
Hegazkinak hartzeko ikara izaten dute fobia hau daukaten pertsonek, batez ere istripu bat izateko beldurragatik. Fobia hau daukaten askori leku itxietan egoteak ere antsietatea sortzen die, espazio horietatik ateratzea edo ihes egitea ez baita erraza izaten beti.
2. Amaxofobia edo gidatzeko ikara
Gidatzeak sakoneko izua sortzen die batzuei, hainbat arrazoirengatik: istripu bat izan, norbaiti mina eman, galdu, kontrola galdu edota gidatzen ari diren bitartean antsietate-krisia izateko arriskuagatik.
3. Araknofobia edo armiarmei izua
Erreakzio hau berez intsektu ororekin lotutakoa da, baina batez ere armiarmekin ematen da. Eskolatze garaian dauden haurren kasuan ematen da sarri.
4. Klaustrofobia edo espazio itxiei beldurra
Eremu itxietan sortzen den izua da, espazio txikietan bereziki. Esaterako, bat baino gehiago dira goiko solairuetara eskaileretatik igotzen direnak, ez ariketa fisikoa egitearren, igogailuan ez sartzeagatik baizik.
5. Agorafobia edo espazio publikoei ikara
Ez da beldur zehatza izaten, jendaurrean sor daitezkeen egoeren aurreko beldurra izan ohi da; izan ere, egoera horietatik aldentzea deserosoa izan daiteke toki publikoetan. Krisiren bat izanez gero, laguntzarik izango ez duten tokiak ere saihesten saiatzen dira.
6. Enoklofobia edo jendetzari izua
Demofobia ere deitzen zaio eta jende-multzo handiei beldur arrazionala izaten diete hau pairatzen dutenek. Hau dela eta, jendez betetako espazioetara ez joatea nahiago izaten dute, hala nola, diskoteketara, kontzertu handietara, metrora puntako orduetan...
Zuk ba al duzu fobiaren bat?