Sei euskal poetaren antologia

Balea Zuria argitaletxeak 1980tik aurrera jaiotako sei euskal poetaren lanak biltzen dituen Bidea eta zauria. Sei poeta (2000-2019) antologia kaleratu du uda honetan. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez Miñambres editoreak arduratu dira liburuaren edizioaz eta liburuko testuak aukeratzeaz, Badajozeko Suroeste literatur aldizkari entzutetsuaren eskaera bat jaso ondotik.
Bilduma honi esker, "poeta gazteak eta gutxi aztertuak" hautatu ahal izan dituzte eta, aldi berean, 2001etik aurrera euskal sistema literarioan poesiak egin duen ibilbidea aztertu dute. Peru Magdalena (Berriz, 1980), Jon Benito (Zarautz, 1981), Hasier Larretxea (Arraioz, 1982), Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984), Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) eta Beatriz Txibite (Iruñea, 1991) izan dira aukeratu dituzten egileak.
Liburuaren izenburuari dagokionez, bi hitzek, Bidea eta zauria, idazketaren prozesua eta denboraren joanak eragindako samina ekartzen dute gogora. "Mundua ez baita beti orekatua; bizi beharrak nekea ematen duelako, heriotza presente dagoelako bidean”. Gizatasunaren barrenetik idatzitako poesia dela adierazi du Felipe Juaristik liburuaren epilogoan. “Idazleak ehiza-zakurra behar du izan, bere garaiko aztarnak eta lorratzak usnatu eta haiei segituz galbidean ez erortzeko”.