Sei emakume artista gazteren lanak bildu dituzte Gasteizko LABE Gazte Laborategian
Emakume Ugari izeneko erakusketan bertako sei artista gazteren diziplina anitzeko lanak paratu dituzte: Lorea Escala, Iratxe Mencia, Ariana Ruiz de Azua, Nefer Olaizola, Sofia Velasco eta Maider Lasa.
Gasteizko artista gazteen kolektiboari aldez aurretik egindako deialdi batetik sortu da erakusketa. Deialdi horren helburua komunitatearen sorkuntza suspertzea eta hurbileko sortzaileak bertako ehun artistikoarekin eta Gasteizko herritarrekin harremanetan jartzea zen. Erakusketa gune seguru gisa planteatzen da, elkar ezagutzeko eta ezagutarazteko, beste sortzaile batzuekin eta haien lanekin harremanetan jartzeko. Hirian sortzen ari den emakume artisten sorkuntza bultzatzeko eta proiektu berrien sorrerari emaitza emango dioten sinergiak sortzea ahalbidetzeko modu bat azken finean.
Erakusketan Lorena Escala, Nefer Olaizola eta Maider Lasaren ikus-entzunezko lanak, Iratxe Menciaren eta Ariana Ruiz de Azuaren margolan eta estanpak, eta Sofia Velascoren argazki eta marrazkiak daude. Guztira hamaika obra dira, eta horietan emakumearen figurak lotura gisa funtzionatzen du.
