Segurtasun akats larria WhatsAppen

Israelgo espioi talde batek WhatsAppen segurtasuna apurtzea lortu du, eta dirudienez, iOS zein Android mugikorretan software espioi bat instalatu dute. Halaxe onartu dute mezu aplikazioaren arduradunek; dena den, oraindik ez dakite zenbat mugikorretan sartzea lortu duten. Arazoa konpondu bitartean, WhatsAppeko bertsio berriena eguneratzea gomendatu dute.
Pegasus izenarekin batailatu dute software espioia, eta mugikorretan gordetako datuak biltzeko gaitasuna du, erabiltzaileen pribatutasuna kinka larrian ipiniz. Dirudienez, giza eskubideen aldeko hainbat talde kaltetuen artean daude, eta beraz, badirudi erasoa kontratupean egin dela.
Hain zuzen, NSO Group espioitza enpresa israledarra erasoaren atzean dagoela susmatu dute; ez litzateke lehen aldia izango. Oraingoz, mugikorra babesteko modu eraginkorrena app-a eguneratzea da; hala, iOSen 2.19.51 bertsioa eta Androiden 2.19.139 bertsioa dutenak babestuta daude, teorian behintzat.