Sebastian Pringle: "Musika opari bat da, bizitza osoa gurekin egiten duen bidelaguna"

Sebastian Pringle: "Musika opari bat da, bizitza osoa gurekin egiten duen bidelaguna" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sebastian-pringle-musika-opari-bat-da-bizitza-osoa-gurekin-egiten-duen-bidelaguna/@@download/image/sebastian_pring_1398771384.jpg
2014/05/05
elkarrizketa
Argazkiak: Nagore Koch. Testua: Maialen Goñi
Herbeheretatik bueltan, Espainia eta AEBetako eszenatokietan izango da maiatzean Crystal Fighters boskotea. Errepidera itzuli aurretik, Sebastian Pringle (Londres) taldeko liderrarekin bildu gara.


Bi hilabete daramatza Andoaingo mendietan galduta. Taldearen hirugarren laneko abestiak idaztera etorri da, inspirazio bila. Eta bide batez, kanten oinarriak izango diren txalaparta erritmoak grabatzera, Ugarte anaien laguntzarekin. Garate estudioetan hartu du ostatu, eta lasai, zoriontsu sentitzen da, naturarekin bat egin duelako. Horrek arduratzen baitu uneotan 2007an Londresen sortutako indie eta elektronika taldeko burua. Jaialdi handietan jotzen ohitu dira Gilbert Vierich –gitarra, sintetizadoreak eta perkusioa–, Graham Dickson –gitarra–, Laure Stockley eta Mimi Borelli –koruak–, eta Pringle bera –ahotsa eta gitarra–, 2010ean Star of Love lehen lana kaleratu zutenetik, nazioarteko zerrenda eta festibal alternatiboetan ezinbesteko bilakatu baitira.

Iazko abuztuan Zugarramurdiko leizea berpiztu zuten Cave Rave bigarren diskoaren aurkezpen kontzertuan. Lekuaren aukeraketak, baina, ez zuen inor ustekabean harrapatu, taldekideek euskal mitologia, kultura eta musikarekiko duten interesa aski ezaguna baita. Eta gure lurrak ematen dion patxadarekin, elkarrizketarako txukundu duen egongelan eseri da Pringle, bere espiritu bakezalearekin guztiok kutsatzera.

Noiz ikusiko du argia eta zein izen izango du lan berriak?
Urte amaieran kaleratuko dugula esatea baikorregia da, beraz, errealista izango naiz eta datorren urte hasieran plazaratuko dugula esango dizut. Izena, aldiz, ez dugu oraindik zehaztu, Euskal Herriari loturiko ideia bat buruan dudan arren.

‘Star of Love’ lanetik ‘Cave Rave’ diskora jauzi nabarmena egin zenuten, zuen hitzetan, jaialdi handietan jotzeari eta bidaiatzeari esker lortu zenuten eskarmentuaren eraginez. Hirugarren lan honek zein aldaketa ekarriko du?
Nire iritziz, disko batetik bestera ez ezik, kanta batetik bestera ere garapena nabaritu behar da, bakoitza une konkretu batean sortu delako. Lehen bi diskoen arteko aldearen eragile nagusia kanten sortze lekuaren aldaketa izan zen, lehena Londresen konposatu genuelako, bigarrena, aldiz, Euskal Herrian. Hirugarren hau osatzerako unean, ordea, beste kezka batzuk ditut. Azkenaldian, ingurugiroari eragindako kalteei buruzko informazio asko jaso dut, eta horri aurre egiteko gizateriak egin beharreko aldaketek arduratzen naute. Noski, bira berriko kanta guztiek ez dute gai horrekin lotura izango, baina nire ikuspegia aldatu egin da, erabat.

Kantak sortzeko prozesua ere aldatu egin zenuten lehenetik bigarrenera: gitarrei eta ahotsei eman zenieten lehentasuna bigarrenean, lehenengoan ez bezala. Hirugarren honetan, nola diharduzu?
Kontu aldakorra da. Orain, esaterako, leku lasai honetan naturarekin bat eginda konposatzen ari naizenez, gitarra eta iPad-ean sampler bat hartu, eta mendira joaten naiz, zuhaitz baten azpian eseri eta txorien kantak entzunez konposatzera. Hitzek, noski, garrantzia berezia izaten jarraitzen dute, eta horiek osatzeko hemengo jendearen istorioak entzutea gustatzen zait; estudioan biltzen diren gazteak Negu Gorriak eta Kortaturen garaiko kontuez aritzen dira, eta energia hori oso inspiragarria da niretzat.

Eta beste zerk inspiratzen zaitu?
Uneotan naturak inspiratzen nau, sistema delikatu eta konplexu honen parte izateak. Planetako espezie boteretsuena garen aldetik, egindako kaltea konpontzea da gure betebeharra, nekazaritzarako produktu kimikoak egiten dituen Monsanto bezalako enpresen jarduna beldurgarria baita, zonalde batzuetako ur gabezia… Baina konponbide errazeko arazoak dira, baldin eta boterean daudenek zerbait egiten badute. Eta gero eta gehiago dira auzi horren aurrean altxatzen ari diren herritarrak, filmak egiten dituztenak, beren artean antolatzen ari direnak, eta haiek ekarriko dute aldaketa. Hala espero dut, behintzat. Eta musikariok ere gure ekarpena egin behar dugu planeta bizirik mantentzeko, maila molekularrean egiten ari diren aldaketak eteteko. Dena den, aipatu moduan, ez ditut abesti politikoak egingo, gatazka larri honetan oinarritutako kantak baizik. Eta jendea gurekin hitz egitera hurbilduko denez, kontu horien inguruan hitz egingo dugu haiekin.

Lanak lantzeko denbora hartu ohi duzue, hiru urteko epea lehenetik bigarrenera, urtebetekoa orain. Ez duzue diskoak modu industrialean ekoiztea atsegin, ezta?
Ez. AEBetan Cookie Cutter –gaileta moldea– izena jarri diote kantak teknika bera jarraituz sortzeari; lehenik bateriaren zatia osatzen dute, ondoren baxuarena, gitarrak, ahotsa… eta formula berbera erabiliz, prest dute disko berria! Gure prozesua, ordea, abstraktuagoa da. Ni hip hop zalea naiz, cumbia ere gustatzen zait, musika euskalduna, baita jazz latinoa edota house musika ere, abestiak sortzeko bide ezberdinak jarraitzen dituzten musika estiloak, azken batean. Soinu horiek esperimentazioaren bidez soilik lor daitezke, eta haietatik ikastea oso garrantzitsua da. Izan ere, musikak misterio bat du: atmosfera ezberdinak sortzeko gai da.

Eta zein helburu du zuen musikak?
Entzuleak ongi sentiaraztea, eta horretarako abesti positiboak egiten ditugu. Haurrek, gazteek, baina baita helduek eta adineko jendeak ere, gure kantekin disfrutatu dezaten nahi dugu, bizitza guztiona baita, ez soilik hamabost eta 30 urte arteko pertsonena. Eta musika opari bat da, ikusezina den arren, bizitza osoa gurekin egiten duen bidelaguna; abesti negatibo edo depresiboak egiteak, honenbestez, ez du zentzurik.

Tokian tokiko instrumentuak ezagutzea gustatzen zaizue, eta besteak beste, txalaparta darabilzue.
Hala da, bai. Laureren aitonaren eskuizkribuetan izan genuen txalapartaren berri, gure iritziz, aro modernoko oinarrizko soinua dena. Garai hartan Londresen bizi ginen, eta txalapartaren inguruko informazioa bilatzen ari ginela, Ugarte anaien bideo bat ikusi genuen. Donostiako kaleetan jotzen ageri ziren, eta ikaragarriak iruditu zitzaizkidan. Gerora, Graham eta Gilbertek jotzen ikasi dute, oinarri-oinarrizko erritmoak, bederen.

Nongotarrak sentitzen zarete?
Uneotan, hemengoak! –barrez–. Londreskoa naiz, eta bertan dut familia, baina hemen etxean bezala sentitzen naiz. Oro har, Garate estudioetara grabatzera etortzen diren taldeek, gehienez ere, bi aste egiten dituzte hemen; nik, aldiz, hiru hilabeteko egonaldia egingo dut. Baina beheko estudio txikian aritzen naiz, talde handiagoak etortzen direnean goikoa erabili ahal izan dezaten.

Ezer berezirik transmititu nahi duzu zure janzkera eta estiloarekin? Ala jolas hutsa da?
–Isilik geratu da, janzkera bereziarena berarekin joango ez balitz bezala. Baina ondoren…– Bai, arrazoi duzu, nire estiloa erabat ezberdina da orain, baina kontzertuetan janzki distiratsuak eramateko ohitura dut. Azken batean, soinean daramatzadan brillantinek fokuen argiaz gain, ikusleen eta musikaren distira ere islatzen dute. Eta gainera, eszenatokian ongi geratzen dira! Talde bat zuzenean entzutera joaten zarenean sekula ahaztuko ez duzun esperientzia bizi nahi duzu, gorenera eramango zaituen ikuskizuna izan dadin nahi duzu, musika norbanakoen barrenean eragiteko gai delako; are gehiago, pertsonaia misteriotsu eta bitxi batetik badator. 

BBK Liven izango zarete datorren uztailean, baina dagoeneko sobera ezagutzen dituzue euskal jarraitzaileak. Nolakoak dira?
Zoragarriak! Bereziki gogoratzen dut taldearen hastapenetan Bilboko Kafe Antzokian eskaini genuen kontzertua. Oso urduri ginen, Euskal Herrian lagunak genituen arren, ikusleen erantzuna nolakoa izango zen ez genekielako. Ez hori bakarrik, garai hartan ez genuen diskorik kalean. Eta hala ere, harrera bero eta sutsua jaso genuen. Horrek asko esaten du euskaldunen izaeraz, eta indar eta pasio horri esker sortu dira horrenbeste euskal talde.

Eta zure esku balego, zein artistarekin konpartituko zenuke eszenatokia?
Manu Chao eta Amparo Sánchez aipatuko nituzke. Kaki Arkarazok ekoitzi ditu bigarrenaren lan guztiak, eta Chaok, Mano Negraren bidez, Negu Gorriak eta beste hainbat talderekin kolaboratu du. Ohore bat litzateke berarekin aritzea, bera izan baitzen hainbat hizkuntzatan, eta azentu eta ahots molde ezberdinak erabiliz kantatzen entzun nuen lehena. 

Zein iritzi duzu euskal taldeekiko?
Disko mordoa entzuten ari naiz hemen, eta ikaragarri gustatzen zaizkit. Zaila egiten zait euskara ulertzea, baina hizkuntzaren doinua atsegina zait. 80ko hamarkadako musikaren eragina, eta bereziki, orduko espiritua, gaurdaino heldu direla uste dut, egungo taldeen inspirazio iturri izaten jarraitzen baitute.

Iazko abuztuan 300 lagunentzako kontzertua eskaini zenuten Zugarramurdiko kobetan. Zergatik aukeratu zenuten eszenatoki hura?
Taldea sortu genuenetik, Euskal Herriari buruzko informazioa biltzen hasi ginen, eta ikono bilakatu den Zugarramurdiko kobaren irudia topatu genuen Sarean. Kontzertu hartako atmosfera berregiteko irrikatan ginen, eta diskoari Cave Rave izena jarri genionez, aukera polita izan zitekeela pentsatu genuen. Bertako sorginen istorioak oso ilunak dira niretzat, oso mistikoak, eta horrekin bat egin nahi genuen.

Bere garaian Sareko Palms Out Sounds atariari esker eta ‘I Love London’ kantarekin egin zineten ezagun nazioartean. Zein paper jokatzen du Sareak zuen ibilbidean?
Oso paper garrantzitsua, dudarik gabe. Ez dakit Interneten aroaren aurretik zehazki nola egiten zuten, baina Sareak musikaren industria demokratizatu du. Ezagunak ditudan hainbat kantari euren lanen sustapenarekin kezkatuta daude, baina nik beti esaten diet garrantzitsuena ez dela promozioa, eskaintzen duzunaren kalitatea baizik. Musika sortzeak dakarren estresaren zati handi bat deuseztatu du Sareak; uneotan gure kezka bakarra kanta onak egitea da, era batera ala bestera, jendearengana helduko direla ziur dakigulako.

Eta nola sortu zen ‘I Love London’? Izan ere, melodia sinple eta errepikakorra dirudienak, mundu guztia engantxatzea lortu zuen…
Londreseko Brick Lanen auzoan bizi ginen orduan. Leku berezia da: eramateko janaria saltzen duten jatetxe ugari daude, bangladeshtar asko bertan bizi dira, hiriaren ekialdeko gazte asko etortzen dira festara, atzerritarrak ere bai, tartean euskaldunak… One Thousand And One izeneko taberna joateko ohitura genuen, eta maleta eta guzti, zuzenean aireportutik etorritako jendea topatzen genuen bertan! Garai hartan, gainera, tekno musika moda-modan zegoen, eta bibrazio horiek guztiak biltzen zituen kanta osatu genuen.

Azkenaldian aurkeztu diren proiektuen artean, zein azpimarratuko zenuke musikaren industriari egindako ekarpenagatik?
Tira, ezin ditut aipatu gabe utzi nire lagun Mount Kimbie eta James Blake. Artista ingelesak dira biak, eta haien grabazioetan nagusi diren hutsuneetatik ikasi dut ez ditugula zertan abestiak erabat bete behar, minimalismoa ona dela zenbaitetan. Eta argi dago gu behintzat, talde moduan, ez garela batere minimalistak… Baina horretan ahalegintzen ari naiz orain, ezinbestekoa soilik duten kantak sortzen.

Zein da bizimodu honen alderdirik onena?
Batetik, uneotan bizi dudana, alegia, lasai egoteko eta kantak sortzeko astia izatea; baina, era berean, bidaiatzea, jende berria ezagutzea, gure ideiak zabaltzeko aukera izatea, tokian tokiko janaria probatzea…

Eta txarrena?
Bidaia luzeak, aireportuetan galdutako orduak… Baina ez pentsa, alderdi onekin alderatuta hutsean geratzen dira!

Zein da zuen arrakastaren sekretua?
–Pentsakor jarri da¬–. Beharbada… Euskal Herria bera! Herri honekiko loturarik izango ez bagenu, ez dakit non ginatekeen. Tira, beste hainbat alderdik ere eragina izango zutela pentsatzen dut, baina orain arteko elkarrizketa guztietan Euskal Herriari buruz galdegin digute.

‘L.A. Calling’, ‘I Love London’… Euskal hiri edo herri bati buruzko kantaren bat egin beharko duzue...
Bai, Donostiari buruzko bat! Benito Lertxundiren Bizkaia maite asko gustatzen zait, beraz, halako zerbait egin beharko genuke datorren diskorako.