Scarlett Johansson: Aske eta ausart

Scarlett Johansson: Aske eta ausart https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Scarlett Johansson: Aske eta ausart
Scarlett Johansson gelditu gabe dabil. Zalantzarik gabe, gaur egungo aktore kotizatuenetako bat da, eta zuzendari gehienek harekin lan egin nahi dute. Irailean estreinatuko da Vicky Cristina Barcelona, Scarlettek Woody Allen-en zuzendaritzapean egin duen hirugarren filma.
Gaztetatik, gauzak oso argi izan ditu Johanssonek. Gurasoek askatasun giroan hezi zuten, eta hori itsatsita geratu zaio. Berea ez da ohiko familia estatubatuarra: abizenari erreparatuta, argi dago jatorriz europarra dela, aita daniarra eta ama poloniarra ditu. Scarlett 1984an jaio zen New York liberalean; anaia bikia baino hiru minutu beranduago, hain justu.
Familian asko baloratzen zuten kultura giroa, eta zortzi urte zituela, Scarlettek Broadwayko antzezlan independente batean egin zuen debuta, Ethan Hawke gazte bat alboan zuela. Handik gutxira, zinemagintzan hasi zen, rol txikietan.
Lehen arrakasta 1998an ailegatu zitzaion, Robert Redfordek zuzendutako The horse whisperer filmarekin. 14 urte zituen, eta beste edozeinek burua galduko zuen arren, Scarlett aktore txikiak gauzak tentuz eta presarik gabe egitea erabaki zuen. 2001ean film independente txiki baten protagonista izan zen, Terry Zwigoffen Ghost world. Pelikulak ezusteko arrakasta izan zuen, eta kultuzko filma bihurtu zen. Urte berean, Coen anaien The man who wasn´t there film interesgarrian lan egin zuen
Baina bultzadarik handiena 2003an heldu zitzaion, ekoiztetxe handietatik kanpo egindako bi lanei esker, berriro ere: Peter Weber zuzendariaren Girl with a pearl earring britainiarra, eta Sofia Coppolaren Lost in translation. Garai hartan, Johanssonek aitortu zuen nahiago dituela bera baino zaharragoak diren gizonak, eta zurrumurruek Benicio del Toro aktorearekin lotu zuten.
Ordutik hona, geldiezina izan da Barack Obama hautagai demokrata sustengatzen duen aktore honen ibilbidea. Egia da Hollywoodeko superprodukzio kaskarretan aritu dela -The island, (Michael Bay, 2005), The nanny diaries (Robert Pulcini, 2007)…- baina, zorionez, Johanssonek burua bere tokian duela erakutsi du, eta zuzendari interesgarriekin lanean jarraitu du: Brian de Palma, Christopher Nolan…
Zentzu horretan, bereziki emankorra izan da Woody Allenekin izandako harreman artistikoan sortutako pelikula sorta: Match Point, Scoop eta hilabete honetan ikusteko aukera izanen dugun Vicky Cristina Barcelona