Sauroen itzulera

Sauroen itzulera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sauroen-itzulera/@@download/image/69p41_1365098735.jpg
2006/12/01
elkarrizketa
Gaztezulo
Neubat taldea gogor ari da azken urteotan. Duela pare bat urte, lehen diskoa plazaratu zuten Metak diskoetxearekin, eta oraintsu, "Stereosaurus" izeneko bigarren diskoa kaleratu dute. Stoner kutsuko 14 kantu bildu dituzte lan gordin honetan.

Nolakoa izan da disko hau sortzeko prozesua? Izan ere, azken bi urteotan, Neubateko musikariak biran ibili zarete Sorkun-ekin...
Sorkunekin biran ibili garen bitartean, Neubaten abesti berriak prestatzen aritu gara. Horrela moldatu gara azkenengo urteotan; Sorkunek kontzertua ematen badu, Neubatek ez du ematen, eta alderantziz. Joan den urteko urrian hasi ginen abesti berriak sortzen, eta martxorako, maketa bat grabatu genuen lokalean. Horren ostean, ekainean, grabazio estudiora sartu ginen, eta irailean amaitu genuen dena, eta hementxe gaude.

Alde horretatik, alde handia egon al da lehen diskotik hona?

Bai, zentzu guztietan. Denbora laburragoan konposatu ditugu kantuak, baino grabatzeko orduan, patxadaz ibili gara. Beraz, moldaketa asko egin ditugu grabaketa eta nahasketa prozesuan. Gainera, disko honetan Libe taldekidea prozesuaren hasieratik egon da, eta bere aportazioa nabariagoa da. Disko hau zuzenagoa eta aurrekoa baino dinamikoagoa da.

Zer dela "Stereosaurus" izenburu hori?

Ondo definitzen duelako diskoa: alde batetik, oinarri sendo, trinko eta indartsua dugu (saurioak islatzen du alderdi hori), eta bestetik, melodia eta ahots jokoen garrantzia ere hor dago (stereo hitzarekin lotua dago alderdi hori). Stonerra ote den? Nik rock dentsoaz hitz egingo nuke.

Matasellos diskoetxea sortu duzue diskoa kaleratzeko. Zer dela eta?

Diskoaren kontrol osoa eduki nahi dugu. Guk erabaki dugu nola, noiz eta non egin. Azken batean, gu gara gure taldearen alde gehien egingo dugunak; beraz, logikoa da diskoa geuk argitaratzea. Matasellosek, garai baten amaiera eta beste baten hasiera markatzen du guretzat. Diskoa kaleratzeko prozesuan, laguntza handia izan dugu jende askoren aldetik, eta  horretan gabiltza, disko bat kaleratzeak zer suposatzen duen ikasten ari gara, urratsez-urrats.

"Kontrolatutako indarra" omen da Neubat taldearen funtsa. Zer esan nahi du horrek?

Potentziaren eta melodia jokoen arteko orekaz ari gara, indarrari jantzi melodikoa ematen diogulako. Bi alderdi horiek elkarri laguntzen diote, eta indarra ondo bideratzean da gakoa, indar horren efektua askoz handiagoa izan dadin.