Sasoi eraikuntzak, Elhuyar eta EuskarAbentura saritu ditu Bai Euskarari elkarteak

Sasoi eraikuntzak, Elhuyar eta EuskarAbentura saritu ditu Bai Euskarari elkarteak Arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko egiten eta eragiten ari diren lana aitortu diete sarituei. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sasoi-eraikuntzak-elhuyar-eta-euskarabentura-saritu-ditu-bai-euskarari-elkarteak/@@download/image/_D6A7607.jpg
2022/06/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko egiten eta eragiten ari diren lana aitortu diete sarituei.
Sasoi eraikuntzak, Elhuyar eta EuskarAbentura saritu ditu Bai Euskarari elkarteak

Orain dela hogeita bi urte abiatu zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua eta elkarteak adierazi duenez, "agerikoa da urte hauetan Bai Euskarari Elkarteak alor sozioekonomikoaren euskalduntzean gizarteari egin dion ekarpena." Hasiera hartan 231 gizarte eragilek hartu zuten konpromisoa eta gaur egun 1.318 entitate dira Bai Euskarari Ziurtagiria dutenak.                   

Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, "proiektu propioak sortu ditugu -Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak-, elkarlanean aritzen gara -Euspot Lehiaketa, Lazarraga Sariak, Beterri-Saretuz, etab.- eta erakunde ezberdinei zerbitzua eskaintzen diegu -Arabako Enpresen Foroa, Euskara Langai, etab.-. Ziurtagiri bat baino askoz gehiago izatera iritsi gara, eta aurrera begira ere eremu ezberdinetan eragiten jarraituko dugu”. Elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du zuzendariak: "Lehen Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu ziren egun hartatik, 22 urte geroago ere, beharrezkoak izango ditugu eragile, enpresa, erakunde eta norbanako ezberdinen arteko elkarlana eta komunitate osoaren indarra, euskaraz egiten eta eragiten jarrai dezagun”. 

Hain zuzen ere, komunitatearen barruan egindako lana aitortu nahi izan diete hiru entitateri, #BaiEuskarariSariak ekitaldian. Hiru sarituetako bat Sasoi eraikuntzak izan da. Sasoik 2011n eskuratu zuen Bai Euskarari ziurtagiria; Bidean mailan hasi ziren eta urratsez urrats aritu dira lanean, Zerbitzua euskaraz eskaintzeraino. "Langileen arteko harremanak eta bezeroekin dituztenak geroz eta euskaldunagoak dira eta horrek bultzatu dituzte beste pauso bat egitera. Konfiantza eta hurbiltasuna ere eman die horrek, kanpo zein barne harremanetan", azaldu du elkarteak.

Bestetik, Elhuyar erakundeari ere eman diote saria. "Euskara eta zientzia uztartzeko sortu zen Elhuyar duela 50 urte eta harrezkero bide oparoa egin du erakundeak. Erreferentzialtasuna lortu dute zientzia arloan eta beste hainbat proiektutan murgilduta daude. Erabateko eraldaketa garai honetan, bereziki euskarak sekulako erronka du. Ezagutzaren bidean gizarteari ekarpena egiten ari da Elhuyar, egiten eta eragiten", adierazi dute sari emaileek.

Azkenik, EuskarAbentura ekimenak jaso du aitortza. EuskarAbentura uztaila osoan zehar Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzen duen espedizioa da. "Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urteko gazte euskaldunek parte hartzen dute bertan eta gazte askok euskaraz bizi daitekeenaren froga positiboa jasotzen dute. Gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko aisialdian eragitea ezinbesteko da eta EuskarAbenturak zuzen-zuzenean eragiten du euskararen presentzia handitzeko", azaldu du Bai Euskarari elkarteak.