Saskian harrapatuta

Saskian harrapatuta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/saskian-harrapatuta/@@download/image/78p37saski1.jpg
2007/10/05
erreportajea
Argazkiak: Galder Izagirre / Testua: Aitziber Iartza


Zonako defentsa, jaurtiketa libreak, blokeoak, erreboteak, kontraerasoak… teknika eta estrategia lantzen ari dira. Mate ikusgarririk ez duzu ikusiko hemen, baina jokaldi eta saskiratze ikusgarririk ez da falta. Saskia ukitzera iristen ez diren arren, saskiak aspaldi harrapatu zituen. Salto Bera Bera saskibaloi taldea da, gurpildun ahulki saskibaloi taldea.

Espainiako Lehen mailan jokatzen du Donostiako Salto Bere Berak (Gasteizko Zuzenak eta Bizkaiko Zuharrak taldeak Ohorezko Mailan daude), eta jokalariak astean hirutan entrenatzen dira; ordu eta erdiko saioak, aldiro. Baina, ohiko kirol lehiatik haratago, hemen ez duzu jokalari trebeen eta ez hain trebeen arteko bereizketa bidegaberik ikusiko. Izan ere, kirolari bakoitzak, bere gaitasunaren arabera, puntu batzuk ditu (zenbat eta gaitasun handiagoa, orduan eta puntu gehiago), eta entrenatzaileak gehienez ere 14,5 puntu batzen dituen taldea zelaira dezake. Beraz, ezin du soilik mugikortasun handien dutenekin osatutako taldea kantxaratu, eta jokalari guztiek  jokatzeko aukera dute.

Gizon eta emakumeen arteko bereizketarik ere ez duzu ikusiko, taldea mistoa baita. Gainera, emakume bat kantxaratzen duten bakoitzean, taldea osatzeko puntu bat gehiago du entrenatzaileak, eta beraz, emakumeek jokatzeko aukera handiagoa dute.

Bazterketarik ez, baina giro ona lehen begiratuan sumatuko duzu. "Egun batean bisitan etorri nintzen, eta geroztik taldean nago. Ni alfer hutsa naiz,  eta hala ere, honek harrapatu ninduen eta harrapatuta jarraitzen dut", azaldu digu Nati Saizek. Materik egin gabe ere, saskian harrapatuta geratu dira Salto Bera Berakoak.