Sartu Gasteiz alternatiboan

Sartu Gasteiz alternatiboan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sartu-gasteiz-alternatiboan/@@download/image/81p44gazt1_1363729814.jpg
2008/01/04
erreportajea
testua eta argazkiak: Geu aldizkaria
2008a urte berezia izango da Gasteiz alternatiboarentzat. Apirilean hogei urte beteko dira Gasteizko gaztetxea okupatu zutenetik, eta abuztuan, Hala Bedi irrati librearen lehen emisioaren hogeitabosgarren urteurrena izango da. Siberia-Gasteiz beroenak bere ateak zabaldu dizkio GAZTEZULOri. Autogestioaren sua topatu dugu barruan.

Hala Bedi irratiak 1983ko abuztuaren 3an egin zuen lehen emisioa. Handik bost urtera, 1988ko apirilaren 28an, gaztetxea okupatu zuten. Garai hartan, euskal rock erradikala eta punka puri-puri zeuden, baina hala ere, ez ziren gizartean egosten ari ziren mugimendu bakarrak: antimilitarismoa, feminismoa, Martxoak 3aren inguruan sorturiko mugimendua… Testuinguru sozial eta politiko aberats hartan jaio ziren Gasteizko gaztetxea eta Hala Bedi.

Erabat independenteak

Esan bezala, bi proiektuak testuinguru soziopolitiko berean jaio ziren, baina horrez gain, ezaugarri komun gehiago dituzte: herriaren nahiari kabida ematearekin batera, biek autogestioa eta asanblada bitartez funtzionatzen dute. "Guk ez dugu nagusirik, denon artean hartzen ditugu erabakiak eta ekonomikoki guztiz independenteak gara. Horrek askatasun osoa ematen digu nahi duguna nahi dugun moduan esateko", diosku Iñaki Ziarzolok, Hala Bediko kideak.

Antzeko mintzatu zaigu Zigor Olabarria, gaztetxeko kidea: "Bere garaian, Udalak milioi piloa eskaini zizkigun gaztetxea konpontzeko. Eztabaidatu ostean, ez onartzea erabaki genuen. Ez dugu dirulaguntzarik onartzen, ez dugulako nahi".
Enbor bereko proiektuak izanik, ez da harritzekoa gaztetxea eta Hala Bedi beti elkarren ondoan egon izana, beti elkarri babesa eta laguntza emateko borondatetsu. "Antzeko helburuak ditugunez, gurea harreman naturala izan da beti", dio Zigor Olabarriak.

Bi proiektuek gauza asko dituzte ospatzeko. Izan ere, ospatzekoa da urte guztiotan beste era batean funtzionatu izana, eta ospatzekoa, hain denbora luzez iraun eta aurrera egin daitekeela frogatze hutsa. Horrexegatik, ospakizun eta aldarrikapen urtea izango da 2008a, eta ondo merezitako jai giroan biziko dira Hala Bedi eta Gasteizko Gaztetxearen urteurrenak.

Zorionak eta urte askotarako, bikote!

Gasteizko Gaztetxearen ibilbidea

Hala Bedi irratiaren ibilbidea