Sariak euskal kultura hauspotzeko

Sariak euskal kultura hauspotzeko Herri txiki honetan, bestela ezkutuan geratuko liratekeen sorkuntza lanak baloratzeko, sariak ezinbestekoak dira. Argi dute hori Euskadi Literatura Sariak banatzen dituztenek. Urriak 18an iragarri ziren 2019ko Euskadi Literatura Sarien irabazle guztiak, atzp banatu ziren. Sari hauen bitartez sortzaileei egindako lana aitortu nahi izan zaie; hau da, obra baten atzean ikusten ez diren ordu pila eta buruhausteak azalarazi nahi izan dira. Bestetik, lan hauei merezi duten zabalkundea eman nahi zaie sariak esleitzen duen oihartzuna probesturik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sariak-euskal-kultura-hauspotzeko/@@download/image/p030_f01.jpg
2019/11/19

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei
Argazkia: Maialen Andres

Herri txiki honetan, bestela ezkutuan geratuko liratekeen sorkuntza lanak baloratzeko, sariak ezinbestekoak dira. Argi dute hori Euskadi Literatura Sariak banatzen dituztenek. Urriak 18an iragarri ziren 2019ko Euskadi Literatura Sarien irabazle guztiak, atzp banatu ziren. Sari hauen bitartez sortzaileei egindako lana aitortu nahi izan zaie; hau da, obra baten atzean ikusten ez diren ordu pila eta buruhausteak azalarazi nahi izan dira. Bestetik, lan hauei merezi duten zabalkundea eman nahi zaie sariak esleitzen duen oihartzuna probesturik.
Sariak euskal kultura hauspotzeko

Atzo elkartu ziren zazpi modalitateako saridun guztiak Tabakaleran. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jaso zuen eta beste 4.000 jasotzeko aukera dute euren lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Benetako artisau lanak izan dira zazpiak ere eta beraz, merezi dute sari hauen aitzakian beren lanaz gehiago hitz egitea eta noski, horrekin irakurle kopurua gehitzea. Obra bakoitzean azaltzen diren emozio eta hausnarketak unibertsalak baitira eta edozeinek gozatzeko modukoak. Izan daitezela izendapen hauek lan hauek izango duten ibilbide luzearen hasiera eta pasa daitezela urtetan zehar begiz-begi eta eskuz-esku bidean zenbait bihotz hunkituz.

Euskarazko Literatura: Irati Elorrieta, Neguko argiak.
Berlinen bizi den Bilbotar honen bigarren eleberrian nomadak dira nagusi. Europako hiri handietan euren bizimodua aurrera eramaten saiatzen diren belaunaldikoak diren Marta eta Añes azalduko dira. Baina Berlin hiria ere protagonista bilakatzen da maisutasunez antolatutako mosaikoan. Narratzaileak gogoko du gauetan argia piztuta duten sukaldeetara sartzea, leihoetara begiratzea, neguko argiak lagun, porrota eta erresistentzia osagai dituzten istorioak kontatzea.

Saiakera Euskaraz: Juan Carlos Etxegoein “Xamar”, Etxera bidean.
Xamar ezizenez ezagutzen den idazle emankorra saiakera batekin dator oraingoan. Memoria historikoaz dihardu Etxegoienek, ez baita memoria gerra kontuetara bakarrik mugatu behar. Saiakera honetan hori bizi izan zutenen ondorioak nola hedatu diren aztertzen du: mintzaira ikasten, historia ezagutzen, herri kultura baloratzen... 70eko hamarkadan galdutakoaren bila gazte multzo bat abiatu zeneko sentimenduak nahas-mahas ageri dira narrazioan. Ez izatearen minetik aurkikuntzaren bokazioraino, ezjakintasunaren ahalketik errudunen kontrako suminera, behartutako etena gauzatu zuen belaunaldiarekiko haserretik, haren aldeko miresmen mingotsera... Ezagutu eta pairatu zutenen ikuspegi gordina.

Euskarazko Literatura Itzulpena: Isabel Etxeberria, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak.
Donostiar Itzultzaileak Alice Munro idazlearen lana euskaratu du. Bederatzi ipuin biltzen dituen Munroren unibertso partikularretan, gertaeren joanean ustekabeko batek edo bat-batean oroimenera ekarritako zerbaitek, bizitza oso bat argitzen du. Munroren literatur mundua “eguneroko bizitza” da. Mundu hori populatzen duten gizon, emakume eta umeak (baina bereziki emakumeak) egunerokotasunak ezartzen dituen eginbehar eta nekeetarako bizi dira. Ez dago gertaera bereziki misteriotsurik, betidanik ezarritako moldeetan jaio, bizi eta hiltzen dira. Baina eguneroko bizitzan zoriak eta ustekabeak nahitaez duten lekua aski da tragedia handi edo txikiak hunkigarri gertatzeko. Etxeberriari esker, mundu partikular bezain unibertsal hau euskaraz gozatzeko aukera dugu.

Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Patxi Zubizarrera, Korri, Kuru, korri!
Gasteiztartutako Ordiziar filologo honen istorioa Etiopiatik migratzen ari den Kuru mutikoaren eta istripu txiki baten ondorioz ospitalera doan neskatoaren arteko enkontruarekin hasten da. Egitura narratibo aberatsa du eta, anitzak dira agertzen diren hiri, pertsonaia, agertoki, ekintza eta gertakariak. Horiek guztiek irakurlearen jakin-mina pizten dute hasieratik. Irakurketa ametsean bezala igarotzen dela esan genezake, erraz eta arin. Orrietan aurrera egin ahala, erreferentzia kultural aberatsak oharkabean eskaintzen dizkigu idazleak, jirafa baten bidaia aitzakiatzat hartuz ihesaren gordintasunaren gaia azpimarratzeko.

Literatura Lanaren Ilustrazioa: Asisko Urmeneta, AztiHitza: Xahoren Biografikoa.
Iruñear ilustratzaile hau ezaguna zaigu gurean hainbat taldeko kidea izateagatik (Napartheid, Marrazkirri, H28...). Oraingoan saria eskuratu du komikiaren lengoaiaren mugekin jolasten duen proposamen arriskutsua sortzeagatik. Bitartekoen ekonomiak estilo pertsonal baten alde jarduten du, eta modu burutsuan erabiltzen da, bi tintei eta horiekin sortzen diren marrei ahalik eta etekinik handiena ateraz. Bineten bidezko irakurketa bisual narratiboak, edo hondoaren eta binetaren arteko jolasek modu arin eta adimentsuan ekintza eta denbora-espazio desberdinetara zuzentzen dute begirada, eta aniztasun grafikoak eta planoen aldaerak markatzen dute istorioaren erritmo animatua. Obra bere osotasunean hartuta, liburu objektutzat hartzen da, non komikiak eta umoreak ikus-hizkuntza gisa duten balioa nabarmentzen den.

Gaztelaniazko Literatura: Ramón Eder, Palmeras Solitarias.
Nafar honen lan berria aforismoz beteta dago. Egunerokotasuna harrigarri bilakatzen du bere ikuspegiarekin, umorea, ironia eta paradoxa nahastuz koktel gozagarri batean. Hauskor, baina tinko, aforismoek arkitektura ederrak eraikitzen dituzte. Esaldi zati bakoitza autonomoa izan liteke, eta aldi berean, kolektiboaren parte izateko borondatea azaltzen dute. Zer egin ez dakiela, arretaz begiratzen du liburuak ingurua, egunerokotasunaren kontingentzia bakoitza balantza existentzialean batuko balitz bezala. Idazleak, hausnarketako aforismoak erretorikarik gabe agertzen ditu.

Saiakera Gaztelaniaz: Daniel Innerarity, Política para perplejos.
Zalantza etengabean bizi ditugu egungo garaiak. Duda egungo gizarteen ezaugarri bilakatu da, etorkizunak zer ekarriko digun atzematea zail suertatzen baitzaigu. XXI. mendea krisi ekonomikoarekin estreinatu zen, eta horrek sortu zituen haserre olatuek hartu gintuzten. Mundua galtzaile eta irabazleen artean kategorizatu zen, kastako jendea eta agintzen dutenen arten. Egungo pasaia politikoa dezepzioz bete da, eta sentimendua orokortu egin da txoko guztiak betez. Ondoeza difuminatu egin da, dudak areagotuz. Innerarity-k liburu honetan duda hauen inguruko hausnarketak dakartza, egun bizi dugun egoera inoiz baino ilunagoa ulertzeko gakoak eskainiz.

 

 

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Argazkia: Maialen Andres / FOKU