SARIAK BOZGORAILUAK DIRA

Sariek zerbaitetarako balio badute hori zabalkundea merezi duten lanen bozgorailu izateko da. Argi dute hori Euskadi Literatura Sariak banatzen dituztenek. 2018ko Euskadi Literatura Sariak bi txandatan iragarri ziren: urriaren 1ean Donostiako Liburutegian eta urriaren 17an Bilboko Azkuna zentroan. Zazpi epaimahai espezializatuek erabaki dituzte sarituak bi helburu kontuan hartuta. Batetik, sortzaileei egindako lana aitortzea, hau da, obra baten atzean ikusten ez diren ordu pila eta buruhausteak azalaraztea. Eta bestetik, lan hauei merezi duten zabalkundea ematea sariak esleitzen dien oihartzuna probesturik.
Azaroaren 27an banatu ziren sariak eta bertan zazpi modalitateetako irabazleak elkartu ziren. Benetako artisau lanak izan dira zazpiak ere eta beraz, merezi dute sari hauen aitzakian beren lanaz gehiago hitz egitea eta noski, horrekin irakurle kopurua gehitzea. Obra bakoitzean azaltzen diren emozio eta hausnarketak unibertsalak baitira eta edozeinek gozatzeko modukoak. Izan daitezela sari hauek obra hauek izango duten ibilbide luzearen hasiera eta pasa daitezela urtetan zehar begiz-begi eta eskuz-esku bidean zenbait bihotz hunkituz.
Hala ere, ez da gure helburua zu baldintzatzea, obra hauen inguruan interesen bat piztea baizik. Saiatuko gara beraz, ahalik eta zuzenen azaltzen atal bakoitzeko irabazleek kontatu nahi izan dutena. Horrekin bateren bat irakurtzeko interesa piztea lortzen badizugu erreportaje honen helburua lortutzat emango dugu.
EUSKARAZKO LITERATURA: EIDER RODRIGUEZ, ‘BIHOTZ HANDIEGIA’
Zazpi urte isilik egon ondoren Bihotz Handiegiarekin itzuli da idazle, irakasle eta kazetari Errenteriarra. Bertan antiheroiz betetako sei ipuin biltzen dira. Liburuari izena ematen dion ipuina da luzeena eta bertan maitasunaren hondakinez dihardu. Egunerokotasunak dakartzan abentura eta katramilez osatzen dira besteak, barne pentsamenduek hartzen dutelarik protagonismoa. Errealitatean eta ustez errutina kontsideratzen dugun horretan asko dagoela hausnartzeko azpimarratu nahi izan du. Ezinezkoa da identifikatua ez sentitzea, ipuin bakoitza gure bizitzaren atal bat izan liteke eta.
GAZTELANIAZKO LITERATURA: KARMELO C. IRIBARREN, ‘MIENTRAS ME ALEJO’
Poesiaren munduan ez da arrotza Iribarren, hau estilo horretan duen hamaikagarren liburua baita. Giza sentimenduak modu argi eta sinplean adierazteko ahalmena du idazleak eta oraingoan ere argi utzi du hori. Beste behin, bere mundu ikuspegia helarazi digu poesia motzetan, makillajerik gabeko idazkera errealitatearekin nahastuz. Bertan ez dago deus fantasioso edo magikorik, dena da errutina. Errutina horretan ordea, jakinduria atzematen da, ohiko eszenak magiko bihurtzeraino iritsiz. Behin liburua itxita beste begi batzuekin ikusiko duzu mundua, lehengoz ikusiko bazenitu bezala egunero ikusi ohi dituzun objektu zein eszenak.
SAIAKERA EUSKARAZ: KEPA ALTONAGA, ‘PATAGONIARA HAZPARNEN BARRENA’
Altonaga biologo eta idazleak Florentzio Basalduak (Bilbo, 1853-1932) Argentinako Patagonian Euskal Herri berria sortzeko izan zituen asmoak biltzen ditu saiakera honetan. Gertakari historikoetan oinarritutako liburua baldin bada ere Basalduaren bizitzak nobela fantastiko baterako materiala ematen du. Gainera Ameriketara abiatu aurretik, Hazparnen bizi izan zen eta hortik dator saiakeraren izenburua. Ederki deskribatzen ditu iraganean Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaldunek zituzten harremanak. Saiakerak hausnarketa oso interesgarriak planteatzen ditu euskaldun izateari buruz.
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA: EIDER RODRIGUEZ, ‘SANTA FAMILIA’
Bigarren sari bat ere lortu du Eider Rodriguezek, kasu honetan Haur eta Gazte Literatura sailean. 2005etik ikastolen elkarteak Xabiroi aldizkaria argitaratzen du euskal egileen komikiak bilduz. Atalka argitaratzen joan ziren Santa Familia komikia aldizkari horretan eta ondoren bilduma bezala ere argitaratu da. Izenak iradokitzen duen moduan, Eider Rodriguezen testuekin eta Julen Ribasen marrazkiekin osatutako istorioa, familiari buruzkoa da. Rodriguezek egindako adierazpenetan aipatu du familia ez dela bakarrik familia, “estatu txiki bat ere bada” eta kontzeptu horretatik tiraka familia batean egon daitezken arazoak modu dibertigarri batean azalduko ditu, egoerei drama kenduz.
SAIAKERA GAZTELANIAZ: SANTOS ZUNZUNEGI, ‘BAJO EL SIGNO DE LA MELANCOLÍA’
Santos Zunzunegi zine kritikari eta katedratiko bilbotarra da. Bere saiakeran maitemina, moral falta eta pentsamendu ilunak jorratzen dituzten filmak aztertzen ditu. Finean melankolia sentimenduak zine munduan izan duen eraginaz hausnartzen du. Ikusi besterik ez dago klasikoak diren filmak, horietatik zenbat dira komedia? Zenbatek dute amaiera alai bat? Zunzunegik argi du: “Arte oro melankoliaz ukituta dago.” Oso beharrezkoa da saiakera hau frogatzeko sentimendu negatiboak ez dutela zertan patologiak izan, are gehiago, artearen bidez sentimendu horiek samurtu daitezkeela nolabait eta horietatik ikasi.
LITERATURA LANAREN ILUSTRAZIOA: YOLANDA MOSQUERA, ‘LA PEQUEÑA ROQUE’ (GUY DE MAUPASSANT)
Guy de Maupassanten ipuin klasikoaren ilustrazioak egin ditu Yolanda Mosquerak. Nobela beltza da, krimena eta gaiztakeriaren ingurukoa eta ilustratzaileak atmosfera hori oso ongi islatu du. Soiltasunez eta dotoreziaz apaindu ditu ipuineko eszena bakoitza. Detaileetan sartu gabe nabarmentzen ditu pertsonaiak eta egoerak autorearen asmoekin bete-betean bat eginez. Gainera, ilustrazioak gero eta ilunagoak bilakatzen dira protagonisten amesgaiztoak kontatzen hasten denean idazlea. Aipamen berezia maketazioan jarri den lanari. Neurri atipikoko liburua da: oso altua eta oso estua. Esperientzia zinez gozagarria da berau ukitzea, sentitzea eta irakurtzea.
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA: IRENE ALDASORO, ‘GAILUR EKAIZTSUAK’ (EMILY BRONTË)
Aurten 200 urte betetzen dira Emily Brontë jaio zela eta urte berdinean bere lehen eta azken liburuaren euskarazko itzulpenagatik saria jaso du Irene Aldasorok. Gailur Ekaiztsuak klasiko bat da eta ardura handia izan da berau itzultzea, emaitza ordea ezin hobea da. Hizkuntza aldetik, jatorrizko lanean tokiko dialektoko hitzak ezin izan ditu errespetatu baina pertsonaia batek Goierriko hizkeran dihardu liburuan. Horrela, euskarazko liburu klasikoen zerrendara beste titulu bat gehitzen da, gure hizkuntza txikian klasiko handiak dastatu ditzagun.
Gure lurraldeetako sortzaileak zaintzeko eta publikoari beren lanak ezagutarazteko aukera ematen digute urtero sari hauek. Orain zuri dagokizu apurka-apurka, merezi duten denbora eskainiz hauek dastatzea. Espero dut interesa piztea lortuko genuela bederen. Gozatu!