Sareko izarrak

Sareko izarrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sareko-izarrak/@@download/image/sarezulo_1433330169.jpg
2015/06/11
erreportajea
TESTUA: Egoitz Gonzalez @aldakur
Sareko izarrak
Teknologia berrien eraginez lanpostu berriak sortzen ari dira azkenaldian.
Hala, bideoak egitea gustuko duen jende batek afizioa ofizio bihurtzea lortu du.
Zer behar da ‘youtuber’ izateko?


Azken urteetan, teknologia berriei lotutako hainbat lanpostu sortu dira. Lanpostu horietako batzuk zuzenak dira, teknologia horiekin lotutako produktu eta zerbitzuak sortu, garatu edo komertzializatzera bideratuak: aplikazio garatzaileak, webguneak gailu mugikorretara egokitzeko espezialistak edota Smartphone-entzako zorroak saltzera mugatzen diren dendak, adibidez. Beste kasu batzuetan, aldiz, zaletasun bezala hasitakoa dirua irabazteko bide bihurtu zaie hainbat pertsonari, sarea medio. Horren adibide jada klasikoa blogariak dira, baina bada fenomeno berriagorik ere; arrakasta gehien izaten ari direnak: youtuber-ak.

Zer da youtuber bat? Labur esanda, bideoak egin eta YouTube plataformara igotzen dituen pertsona dela esan genezake. Baina, noski, bideoak igotzen dituen pertsona orok ez du dirusaririk jasotzen. Youtuber-ek alor jakin baten inguruko bideoak egin ohi dituzte, maiztasun jakin batekin eta bideoen formatua zainduz. Adibidez, ezagunak dira informatikariak, modari buruz aritzen direnak edota kirolariak.

Teknologia arloan arrakastatsuak dira unboxing izenarekin ezagutzen diren bideoak egiten dituztenak. Unbox hitzak zerbait kaxatik ateratzea esan nahi du, eta youtuber horiek egiten dutena zera da, iritsi berri zaien gailu bat kaxatik atera eta zehaztasun guztiekin erakutsi. Gailu garestiak izaten dira, eta dirutza ordaindu aurretik jendeak asko eskertzen du produktua zehaztasunez aztertu ahal izatea. Normalean, unboxing bideo baten ostean, gailuaren funtzionamendua aztertzen duena etortzen da.

Kirolarien YouTube kanalak ere arrakastatsuak izaten ari dira azkenaldian, batez ere muturreko kirolak praktikatzen dituztenenak. Youtuber horiek euren entrenamenduak, erabiltzen duten materiala zein txapelketak grabatzen dituzte. Moda lantzen dutenek, normalean, arropei buruzko iruzkinak egiten dituzte.
Nahikoa da jendeari interesatzen zaizkion kontuez hitz egitea youtuber profesional bihurtzeko? Ez. Zinema aretoetarako film bat egin behar ez duzun arren, oso garrantzitsua da bideoen edizioa ondo lantzea. Horretarako, merkatuan dauden edizio programetakoren bat erabili dezakezu –Final Cut, Adobe Premiere, iMovie…–, edo YouTubek berak horretarako eskaintzen dituen baliabideekin froga egin dezakezu; ziurrenik ezagun egingo zaizkizu bideoetan agertzen diren idatzitako etiketak.

Behin bideo txukunak egitea lortutakoan, youtuber profesional bihurtzeko ezinbesteko dira harpidetzak. Zenbat jende egin da zure kanalera harpide? Jarraitzaileen fideltasunaren neurtzen duen zenbaki hori eta bideoek duten ikustaldi kopurua dira dirua irabaztea ahalbidetuko dizutenak. Noski, jarraitzaileak eta ikustaldiak lortzeko Facebook, Twitter edota bestelako sare sozialetan egotea eta bideoak ondo zabaltzea garrantzitsua da. Baita jarraitzaileekin harreman zuzena edukitzea ere, izan ere, jendeak gaur egun asko eskertzen du bere galdera edo iruzkinak erantzutea.

Ados, hori guztia egiten duena youtuber profesionala izan daiteke? Hortik dirua irabaz dezake? Batzuk lortzen dute, baina ez baldintzatu zure etorkizuna aukera horretara, oso bakanak dira eta! YouTubek bisita kopuruaren arabera, eta zure bideoetan publizitatea sartzea onartzen baduzu, ordain diezazuke dirutxo bat; gutxi gorabehera, 1.000 ikustaldiko dolar bat. Beraz, atera kalkuluak: hilean 1.000 euro irabazteko, hilean 1.000.000 ikustaldi behar dituzu! Beste aukera marka eta enpresekin hitzarmenak egitea da. Hau da, Samsungek diru kopuru bat ordain diezazuke bere produktuen unboxing-ak egiteagatik edo Adidasek bere zapatilen azterketa egiteagatik. Kasu horietara heldu aurretik, lan asko egin beharko duzu, ordea. Hasteko, aukera ona izan daiteke Gaztea irratiak martxan jarri duen Youtuberrak lehiaketan parte hartzea!
Hemen informazioa

Harritu gaitu



Me at the zoo
Aurten hamar urte bete dituen YouTubera igo zen lehen bideoa da hau; 2005eko apirilaren 23an igo zuten.

Informazio bila



desarrolloweb.com webgunearen YouTube kanala
Programazioa gustuko dutenek baliabide eta ikastaro interesgarriak aurkituko dituzte.

Katxondoena



USB Pet Rock
1975eko Gabonetan opari salduenetakoa izan zen munduko maskotarik atseginena: Pet Rock izeneko harria. Orain, Think Geekekoek bertsio berria plazaratu dute: USB kable batera lotutako harri maskota!