Sarean ere, euskaraz bizi nahi dut

Sarean ere, euskaraz bizi nahi dut Zenbat denbora eman dezakezu Internetera konektatuta? Ze eduki bilatzen duzu bertan? Zein hizkuntzatan? Kalean euskaraz egiten badugu, zergatik sarean ez? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sarean-ere-euskaraz-bizi-nahi-dut/@@download/image/sare.jpg
2017/03/24
erreportajea

Testua: Egoitz Gonzalez @Aldakur

Zenbat denbora eman dezakezu Internetera konektatuta? Ze eduki bilatzen duzu bertan? Zein hizkuntzatan? Kalean euskaraz egiten badugu, zergatik sarean ez?
Sarean ere, euskaraz bizi nahi dut

Zalantzarik gabe, gustatuko litzaigukeena baino denbora gehiago ematen dugu Interneten nabigatzen. Are gehiago, euskara gure komunikazio pertsonalean baino ez dugu erabiltzen normalean, eta kontsumitzen dugun edukiaren ehuneko handiena gainerako hizkuntzetan izaten da. Ingelesa, gaztelania eta frantsesa dira sarean gehien erabiltzen ditugun hizkuntzak. Zorionez, euskarazko komunikabideek badute beren txokoa, baina denok dakigu sare sozialak direla gure denbora lapurtzen digutenak.

Snapchat eta Instagram
Gazteen artean Snapchat eta Instagram dira garrantzi handiko aplikazioak. Dakigun bezala, lehenengoan 24 orduko iraupena duten bideoak publikatzen dira eta bigarrenean ordea, bideoaz gain, ezabatuko ez diren argazkiak partekatzen dira. Instagramek badu euskaldunak biltzen dituen komunitatea Euskarak egiten gaitu euskaldun lelopean. @igerrak erabiltzaile izenaz ezaguna da eta Instagramez gain, baditu Twitter eta Facebook kontuak ere.


Instagram zale bazara, Igerrak komunitatearen parte izan zaitezke eta bestalde, zure edukia Snapchaten partekatzen baduzu, zer iruditzen euskaraz aritzen bazara? Euskal komunitatea sortzeko aukera paregabea izan daiteke.


Youtuber eta zuzeneko emisioak
Euskarazko edukiak bisita gutxiago izango dituela errealitate bat da. Azken finean, mundu osoan gutxi batzuk gara hizkuntza hau hitz egin eta ulertzeko gaitasuna dugun pribilegiatuak, baina horrek ez du esan nahi bisita asko lortzea ezinezkoa dela. Adibide garbiena Super Txope (bideo ikusiena 24.000 bisitatik gora) edo Aiora naiz (@probatxoa), sareratu den azken youtuberra 80.000 bisitatik gora duen bideo arrakastatsu batekin. Askotan, zailena, bideo bakoitzean zein gai jorratu behar duzun erabakitzea izaten da, baina kanalari zentzua emateko modu asko daude. Gure kolaboratzailea den @Gaizka_Izagirre bezala egin dezakezu eta gai zehatz batean soilik murgildu edo Aiora bezala, burutik pasatzen zaizun edozein gai jorratu. 

                                 


Bestalde, bideoen edizioan murgildu nahi ez duen horietakoa bazara, hain arrakastatsuak izaten ari diren zuzeneko emisioetara jo dezakezu; sare sozial garrantzitsuenek (Facebook, Youtube, Twitter, Instagram...) eskaintzen dute aukera hau.

Podcast
Atal honetan euskarak ez du bideoetan bezainbesteko presentzia. Egia da, euskal irratiek beraien podcastak eskaintzen dituztela, baina kazetarien unibertsotik at ez dago eduki handirik. Mundu honetan sartu diren azkenekoak Talaios kooperatibakoek dira
etzi.pm proiektuaren bitartez, gai ezberdinak (teknologia, gizarte-ekonomia...) jorratzen dituzte 40 minutuko saioetan.
Bideotan kamera bat beharrezkoa den bezala, kasu honetan mikrofono batekin nahikoa izango da. Podcast mota askotakoak aurkitu daitezke sarean. Batzuk, Audacity programa librearekin modu profesional batean editatuta daudenak, beste batzuk ordea zuzenean Smartphonaren mikrofonoarekin grabatutakoak.

.eus domeinuak eta ‘labur’
Euskara eta sareari buruz ari garen honetan aipatzekoa da gaur egun 6.300 .eus domeinutik gora erregistratuta daudela, eta sarean.eus orrialdean albisteekin kolaboratzeko eskaintza egiteko aukera dagoela. Bestalde, .eus domeinutik iritsi den azken proiektua labur.eus izan da. Estekak laburtzeko plataforma sinple eta Twitterren erabiltzeko oso gomendagarria, besteak beste.