SAREAN: ‘Feed’ eguneraketa
Irene
@cronicasdeunargonauta
Burua oporretan daukagu guztiok dagoeneko. Eta norbaitek ezezkoa esaten badu, gezurretan ari da. Irenek urteak daramatza munduan zehar bakarrik bidaiatzen eta bere esperientzia partekatzen du Instagramen. 2012an erosi zuen bere lehen bidaia handia egiteko hegazkineko txartela Indonesiara, eta ordutik ez da geratu.
Ameriketan, Asian eta Europan zehar bidaiatu du urte hauetan, eta bizipen guztiak partekatu ditu Instagramen eta bere blogean. Oraindik ez badakizu uda honetan nora joan nahi duzun, inspirazioa aurkitzeko leku aproposa da Ireneren kontua. Gainera, urrutira joan beharrik gabe, hurbil ditugun txokoen inguruko edukia ere badu. Eman begirada bat!
María
@saboreanda
Onartu beharra daukat sukaldean oso abila ez naizela, baina, hala ere, kontu honek maiteminduta nauka. Maria sukaldaria da eta errezetak eta hauen irudiak igotzen ditu bere Instagram kontura. Horrez gain, YouTuben sukaldaritzari buruzko kanala ere badu, eta baita blog propioa eta online denda ere.
Mariaren profilean ikasiko duzu nutrizio ikuspegitik aberatsak, dastagarriak eta osasuntsuak diren errezetak egiten, azokan eskuratutako tokiko produktuekin. Sukaldaritza mediterraneoan da aditua eta zin dagizut, Maria jarraituz gero, zure etxeko otorduen kalitatea, eta zure asebetetasuna hobetuko dela!
TIKTOK
Rosalía
@rosalia
Musikarekin jarraituz, Rosalía aipatu beharra daukat. Gailurra jo du Motomami diskoaren estreinaldiarekin, eta oso interesgarria eta entretenigarria da TikTok nola erabiltzen duen ikustea. Rosalíak oso ondo daki edukia plataforma bakoitzera egokitzen, eta TikTok-eko kontua maiz eguneratzen du: bideo dibertigarriak (eta hainbatetan polemikoak) igotzen ditu, eta askotan bere lanaren barne prozesuak ere erakusten ditu plataforma honetan.
Artista bera gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du TikTok-en eta, dagoeneko jarraitzen ez baduzu, ez dakit zeren zain zauden!
Arturo Paniagua
@ajpaniagua
Musikan espezializatutako kazetaria da Arturo eta Espainiako Estatuko hainbat komunikabidetan egin du lan industria musikalaren azken berriak ematen eta artista berrien lanak hedatzen. Dena den, iaz erronka berri bat jarri zion bere buruari: kontu bat ireki zuen TikTok-en, musikaren inguruko azken berriak modu entretenigarrian komunikatu daitezkeela erakusteko. Ia urtebeteren ondoren, ondo dihoakio. Geroz eta eduki landuagoa eta gaurkotuagoa igotzen du, eta jarraitzaileen kopurua nabarmen ari zaio hazten. Espainiako Estatuko eta nazioarteko musikarien eta ekitaldien azken ordukoa jakin nahi baduzu, jarraitu ezazu!
TWITCH
Auronplay
Twitch plataforman mundu mailan jarraitzaile gehien dituen bigarren streamer-a da Auronplay, Ninja-ren atzetik. 12,6 milioi jarraitzaile ditu zehazki. Dagoeneko ezagutzen ez baduzu, bere edukia gaming-era bideratzeaz gain, kritikak, satirak eta Interneteko joerak ere jorratzen ditu ia egunero burutzen dituen zuzenekoetan.
Bazenekien bere izena jaiotzez Raúl Álvarez Genes dela? Badalonan jaio zen 1998an eta Youtuben egin zen ezaguna, hasiera batean beste pertsona batzuei egiten zizkien kritikengatik eta, ondoren, bideoetan erabiltzen zuen umoreagatik. Orain Twitch-en dago batez ere, eta arrakasta handia lortzen ari da.
Maestro Luisón
Xakea gustuko baduzu, eta entretenitzeko kanal baten bila bazabiltza, hau da zure lekua. Aktorea, magoa eta irakaslea da Luisón, baina bere xake partidengatik da ezaguna sarean. Xakean jolasten ikasi nahi baduzu, berak emango dizkizu aholkurik baliotsuenak. Izan ere, Chess.com xakeari buruzko webgune ospetsuan ibili da lau urtez eduki didaktikoak sortzen.
Bere hitzetan, “xake antzeztua” egiten du. Online jokatzen ditu partidak eta bideo eta zuzeneko didaktikoak egiten ditu, xakezaleek zerbait ikas dezaten. Helburu bikoitza du: zerbait irakastea eta ikuslea entretenitzea.